Euskaltzaindiak 'Jose Antonio Aranaren Biblioteka' liburua aurkeztu dau
2009-12-29 09:38 KultureaDanetara, 5.657 erreferentzia ditu, eta gaiei jagokenez, Humanidadeen esparrukoak dira nagusi: historia, kulturea, musikea, erlijinoa, zuzenbidea, literaturea edota artea.
Gaur, abenduak 29, Jose Antonio Aranaren Biblioteka izeneko liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak Bilbon, Akademiaren egoitzan. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Antonio Arana Martijak berak egingo dabe aurkezpen lana. Liburuan Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituaren bibliotekaren katalogoa jaso da. Danetara, 5.657 erreferentzia ditu, eta gaiei jagokenez, Humanidadeen esparrukoak dira nagusi: historia, kulturea, musikea, erlijinoa, zuzenbidea, literaturea edota artea.
2007ko irailaren 28an, Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituak bere liburutegi personalaren dohaintza egin eutson Euskaltzaindiari. Liburutegi horretan urte askotan zehar bere lanak egiteko erabili dituan liburuak eta argitalpenak dagoz. Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekaren zerbitzuek katalogazino lanak egin ditue eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarri. Katalogo hori da orain aurkeztutakoa.
Liburua argitaratu ostean, pdf-a Euskaltzaindiaren webgunean jarriko da baina, horrezaz gan, webgune berean Azkue Bibliotekari jagokon atalean katalogo osoa dago 2008tik, erreferentzia osoak eskainiz (http://www.euskaltzaindia.net/azkue helbidean)
Ondokoak dira Jose Antonio Aranaren bibliotekaren katalogoari buruzko beste ezaugarriak:
1) Guztira 5.657 erreferentzia dira. Gehienak monografiak edo fitxa analitikoak (artikulu eta antzekoak) dira, baina badagoz aldizkariak, mapak eta kartelak (guztiak digitalizauta), musika inprimatua etab.
2) Gaiak, oro har, Humanidadeen esparrukoak dira: historia, kulturea, musikea, erlijinoa, zuzenbidea (foruak), literaturea, artea... gehienetan Euskal Herriagaz, eta batez be, Gernikagaz lotutakoak. Jose Antonio Aranaren egiletza edo lankidetza dabenak 256 dira; orobat, antxinakoak (1820 baino lehenagokoak), 65; euskeraz dagozanak 2183 dira, hau da, heren bat baino apur bat gehiago.
3) Katalogo inprimatuari, liburuari jagokonez, katalogoak Egile-izenburua ordena jarraitzen dau eta erreferentziek zalantza barik identifiketako behar beste datu bibliografiko daukie: egilea, izenburua, edizinoa, inprimategi zigilua (non, nork eta noiz argitaratua), deskribapena (orrialdeak, ilustrazinoak eta neurria) eta bildumea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!