Topaguneako tokiko hedabideek Tokikom marka bateratua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2009-12-09 13:30

Hasierako fasean, 20 aldizkarik egin dabe bat ekimenagaz eta tokiko hedabideen talde izaera azpimarratzea eta alkarlanerako bideak garatzea da helburu nagusia eta lehen fruitua tokikom.com webgunea da, tokiko albistegi digitalen titularrak batzen dituana.

Hasierako fasean, 20 aldizkarik egin dabe bat ekimenagaz eta tokiko hedabideen talde izaera azpimarratzea eta alkarlanerako bideak garatzea da helburu nagusia eta lehen fruitua tokikom.com webgunea da, tokiko albistegi digitalen titularrak batzen dituana.

Topagunearen Hedabide Saila 45 hedabidek osotzen dabe eta tartean dagoz paperezko aldizkariak, irratiak eta telebistak be bai, gehi euretako askok dituen albistegi digitalak. Halan da be, papera da nagusi oraindino. Gogoratu 1980ko hamarkadako herri aldizkarien loraldia dala gaur egungo hedabideen hazia.

Tokiko informazioa lantzen dabe aldizkariok, euskeraz. Prentsa tradizionala krisi larrian dagoan garai honetan, hurreko informazinoak balio handia hartu dau, eta esan liteke tokiko informazinoa dala gaur egun prentsaren etorkizuna. Mundu osoan, esparru zabaleko albistariak aldatz behera doaz, eta tokikoak dira egonkor mantentzen diran bakarrak. Dagozan leku guztietan, tokiko aldizkariak liderrak dira hedabideen alorrean. Baina halan da be, txikiak diralako pertzeptzinoa gailendu egiten da gehienetan. 'Tokikotasuna tamaina txikiagaz lotzen da sarritan, batez be, iragarle handien eta bestelako eragile publiko eta pribatuen aldetik, eta ez dogun irismen handiagaz, edo irakurleen atxikimenduagaz. Hori ebitetako, Tokikom sortzea erabagi dogu, tokiko aldizkarien talde izaera azpimarratzera datorren marka bateratua'.

Aniztasuna da tokiko prentsaren ezaugarri nagusienetako bat. Hori oso kontuan hartu da Tokikom sortzeko orduan, eta mimo handiz errespetetea izan da erispide nagusia. 'Formatu askotarikoak doguz, maiztasun desbardinak, izaera anitzeko euskarriak, eretxi desbardinak; baina halan da be, asko dira ezaugarri bateratuak, eta horreek gizarteratzera dator Tokikom: euskeraz lan egiten dogu, hureko informazinoa hurretik lantzen dogu, gure herri eta eskualdetan txertatuta bizi gara…'

Kanpora begira, beraz, tokiko aldizkarion talde izaerearen ikurra da Tokikom. 'Euskerazko tokiko hedabideok komunikazino talde handi eta eraginkorra osotzen dogu, eta indarrak batuz biderkatzailea izan daiteke gure eragina'.

Barrura begira, barriz, kohesinoa lantzeko eta alkarlana bultzatzeko akuilu da Tokikom. 'Bizi garen bolada gatx honetan, oso garrantzitsua begitantzen jaku sektorearen garapenerako bide barriak edegitea alkarlanean oinarrituta'.

Hasierako fase honetan, 20 aldizkarik hartu dabe parte Tokikom-en definizinoan: Aikor (Txorierri), Anboto (Durangaldea), Begitu (Arratia), Berton (Mahatserria), Drogetenitturri (Ermua), Prest (Deustualdea), UK (Uribe-Kosta), Barren (Elgoibar), …eta kitto! (Eibar), Pil- Pilean (Soraluze), Aiurri astekaria (Beterri-Buruntza), Aiurri hamaboskaria (Beterri-Aiztondo), Goienkaria (Debagoiena), Asteleheneko Goienkaria (Debagoiena), Guaixe (Sakana), Hernaniko Kronika (Hernani), Karkara (Orio), Otamotz (Urretxu-Zumarraga), Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka) eta Txintxarri (Lasarte-Oria).

Tokikom egitasmoaren lehen fruitua www.tokikom.com webgunea da, modu automatikoan, aldizkarien edizio digitaletako titularrak jaso eta batera aurkezten dituana, Euskal Herriko tokiko errealidadearen orainkari moduko bat eratuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu