Itoizek Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz eskainitako kontzertuen CD-DVDa kaleratu dabe
2009-12-02 12:49 MusikeaItoizek eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak alkarlanean abiarazotako ekimenaren azken txanpa aurkeztu dabe gaur Itoiz Suite CD-DVDaren argitalpenagaz. Lan horretan, orkestreak eta Itoizek bertsino sinfonikoan eskainitako kontzertuetako irudiak eta kantak jasoten dira eta, tarteka, Juan Mari Lazkano artistearen lanek borobiltasuna emoten deutse proiektuari.
Itoizek eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak alkarlanean abiarazotako ekimenaren azken txanpa aurkeztu dabe gaur Itoiz Suite CD-DVDaren argitalpenagaz. Lan horretan, orkestreak eta Itoizek bertsino sinfonikoan eskainitako kontzertuetako irudiak eta kantak jasoten dira eta, tarteka, Juan Mari Lazkano artistearen lanek borobiltasuna emoten deutse proiektuari. Aurkezpenean Jose Angel Serrano produktorea, Itoiz taldeko buru Juan Carlos Perez, BOSeko ordezkari Ibon Aranbarri eta Jesus Mari Lazkano artistea izan dira.
‘Itoiz Suite honen ideia orain dala urte batzuk sortu zan BOSen baina nik igaz ekin neutson Itoizen kantak bertsino sinfonikoan prepareteari; argi egoan kalean joteko musikea sortu behar nebala eta, horretarako, orkestra sinfoniko baten formazino estandarrari eutsi neutson, bateriarik eta baju elektrikorik barik’, azaldu dau Perezek. Kanten konponketak egin eta orkestreagaz batera hainbat kontzertu eskaini ostean, ‘ezinbestekoa zan lana euskarriren batean jasotea’. Itoizeko buruak kanta bakotxaren bertsino sinfonikoaren ezaugarrien laburpena egin dau; horrela, ‘Lau Teilatu’ kanteaz dino ‘ia abisau barik legez hastea gura neban eta horregaitik egin neutson horren sarrera trankila’.
Orkestrearen ekarpenak handitasuna emoten deutse kantei eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ordezkari Ibon Aranbarrik esan dauen legez, ‘guretzat oso pozgarria eta aberasgarria da proiektu honetan parte hartu izana eta aurrerantzean antzeko ekimenetan barriro sartu gura geunke’.
Itoiz 1974an sortu zan Mutriku eta Ondarroako gazte batzuek osotutako Indar Trabes taldeagaz. Arrakasta handia izan eben eta, handik, Itoiz sortu zan. Hasierako sasoietan, euskal musika herrikoiak, rockak eta euskeraz idatzitako letra existentzialistek markau eben taldea. Ondoren, taldeak pop-rock musikarantz jo eban, 1988an desegin arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!