Musikari ezagunak izango dira Arriaga Antzokian 2010ean

Bizkaie! 2009-11-26 11:34   Musikea

Paloma San Basiliok zezeilaren 28an abestuko dau, Itoiz talde mitikoak bere alderdi sinfonikoena aurkeztuko dau 'Itoiz Suite' ikuskizunagaz martiaren 11n, Raphaelek kontzertua eskainiko dau maiatzaren 26an eta Marlango eszenatokian izango da maiatzaren 27an. Kontzertuotarako sarrerak honezkero salgai dagoz.

Bilboko Arriaga Antzokiak beste lau kontzertu gehitu ditu 2009-2010 denporaldiko programazinoaren barruan. Paloma San Basiliok zezeilaren 28an abestuko dau, Itoiz talde mitikoak bere alderdi sinfonikoena aurkeztuko dau 'Itoiz Suite' ikuskizunagaz martiaren 11n, Raphaelek kontzertua eskainiko dau maiatzaren 26an eta Marlango eszenatokian izango da maiatzaren 27an. Kontzertuotarako sarrerak honezkero salgai dagoz.

Paloma San Basilio zezeilaren 28an itzuliko da Arriaga Antzokira, arratsaldeko 19:00etan. Irakurketa bikotxa dauen 'PSB' izeneko ikuskizun barria aurkeztuko dau. Hain zuzen be, Paloma San Basilioren siglak dira, baina baita pianoa, saxoa eta bajuarenak be, 33 urteko ibilbidea dauen artista espainiarraren ahotsagaz batera joko daben hiru musika-tresnanak. Ikuskizunean Paloma San Basilioren errepertoriorik ezagunena entzungo da.

'Itoiz Suite' martiaren 11n ailegauko da Arriagako eszenatokira, arratsaldeko 20:00etan. Kontzertuan, Itoiz taldea Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz alkartuko da, alderik sinfonikoena eskaintzeko. Bilboko orkestreagaz batera, euskal talde mitikoak abesti ezagunenen ikuspegi sinfonikoa eskainiko dau emanaldian.

'Itoiz Suite' zazpi mobimentuk osotzen dabe, taldearen beste horrenbeste abestiei jagokezanak: 'Ezekiel', 'Marea gora', 'Marilyn', 'Goizeko deiadar / Lo egin', 'Lau teilatu', 'Hegal egiten, egiten' eta 'Foisis jauna'; horiei 'Zati txiki bat La m'en' gehitu behar jake, hau da, Itoizen lehen abestia, 1978an argitaratutakoa.

Raphael eta Marlango

Raphaelek Bilboko publikoagaz ospatuko dau eszenatokietan daroan mende erdia, maiatzaren 26an, arratsaldeko 20:00etan. 2010ean, Raphaelek 50 urte beteko ditu musikearen munduan lan eginez. 2008ko abenduan argitaratutako diskoan horrela iragarri eban: 'Raphael: 50 años después'. Lan horretan, 20 abesti interpretauko ditu Joan Manuel Serrat, Ana Torroja, Enrique Bunbury edo José Luis Perales lako artista ospetsuakaz.

Raphaelek 50 diskotik gora grabau ditu gaztelaniaz, italieraz, frantsesez, alemanez, ingelesez eta japoniarrez abestuta, eta disko barria ibilbide horren jarraipena da. 326 urrezko disko, platinozko 49 eta uraniozko bat eskuratu ditu, 50 miloe ale baino gehiago saltzea lortzeagaitik. 1962an Benidormeko Jaialdian lehen saria irabazi ebanetik, jasotako sarien zerrendeak ia ez dauka amaierarik.

Azkenik, Leonor Watling abeslari dauen Marlango taldea maiatzaren 27an izango da Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etan. Disko barria aurkeztuko dau, estudioko laugarrena. Watlingez gan, Alejandro Pelayo pianistak eta Oscar Ybarra tronpetisteak osotzen dabe taldea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu