Ken Zazpik publikoagaz ospatu gura dau taldearen zazpigarren urteurrena

Bizkaie! 2009-11-11 14:56   Musikea

'Magia daukan lan bat da, jente askoren emozinoak batzen dituana. Lan hau gure eskerrak emoteko erea da, zazpi urteotan gugaz egon diranei oparia', azaldu dau Eñaut Elorrietak 'Ken Zazpi urte zuzenean' disko eta DVDaren aurkezpenean.

'Magia daukan lan bat da, jente askoren emozinoak batzen dituana. Lan hau gure eskerrak emoteko erea da, zazpi urteotan gugaz egon diranei oparia'. Eñaut Elorrietak 'Ken Zazpi urte zuzenean' zuzeneko diskoaren eta DVD dokumental bereziaren aurkezpenean esandako berbak dira.

Ken Zazpik (Eñaut Elorrieta, Beñat Serna, Jon Fresko, Igor Artzanegi, Iñaki Zabaleta eta Jon Mikel Arronategi) urtarrilaren 3an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako kontzertuan zuzenean grabautako CDa eta DVD dokumental berezia aurkeztu ditu gaur Bilboko Arriaga Antzokian. 'Zazpi urte bete doguz eta gure eskerrik beroenak entzuleei; lan hau hareei eskainita dago, gure zazpigarren taldekidea baitira'.

Artisau-lan legez definidu ditu abeslariak diskoa eta DVDa, izan be, 'Argiak diskak' izeneko zigilu propioagaz kaleratu ditue eta, horri esker, lana bertatik bertara jarraitzeko aukerea izan dabe.

Diskoan, taldearen ibilbidean esanguratsuenak izan diran kantak batu ditue ('Ilargia', 'Malen', 'Zapalduen olerkia'...), zuzenean grabau eta Los Angelesen (AEB) masterizauta. DVDari esker, barriz, jarraitzaileek taldekideak hurragotik ezagutzeko aukerea izango dabe. 'Ilusinoz beteta gatoz, ibilbide osoan ikasitakoa aldean, baina zazpi urteko ume baten gogoagaz'.

Neguan, kontzertu batzuk eskainiko ditue, 'gitxi batzuk, areto zarratuetan'. Lehenengoa abenduaren 23an izango da Bilboko Arriaga Antzokian. Birea Donostiako Victoria Eugenian amaituko da datorren urteko maiatzaren 28an. Kontzertuakaz amaitutakoan, burubelarri sartuko dira hurrengo diskoa izango danagaz, izan be, aurkeztu barri daben diskoak ziklo bat zarratzen dauela onartu eta lan barriari buelta batzuk emoten dagozala aurreratu dabe, gehiago sakondu barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu