Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen III. Txapelketea zemendiaren 28an Irunen

Bizkaie! 2009-11-10 11:55

LUMA hilabetekariaren, hau da, hitz jokoak euskeraz argitaratzen dituan aldizkari bakarraren bultzatzaile eta argitaratzaileak, LUMA taldea, eta Xedera eta Bagabiga alkarteak, baitira txapelketa hau bultzatu dabenak.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen III. Txapelketea datorren zemendiaren 28an egingo da, Irungo Bidasoako EKT alkartearen egoitzan. Ekimena egun betekoa da: goiz partean, 10:00etatik 14:00etara, egingo dira txapelketa probak, eta bazkalondoan izango da sarien banaketearen eta animazinoaren txandea. Tarteko bazkaria be, ekimenaren barrukotzat hartua da.

Gure hizkuntzearen eremuan era honetako lehiaketak ezagunak ez diran arren, ohikoak doguz inguruko hizkuntza batzuetan (frantsesez, ingelesez, italieraz, alemanez…) eta bestelakoa izaten da oro har geografian hartzen daben hedadurea, hizkuntza batek har leiken uniberso guztira zabaltzen baitira batzuk eta eskualde mailakoak baitira beste batzuk. Gure aurtengo hau hirugarren edizioa da, aurreko biak bezela Euskal Herri osoko hitz gurutzatu zaleei zabaldua.

Hitz joko eta hitz gurutzatuen argitaratzaileak, egunerokoak eta aldizkariak, eta hitzen mundu ludikoaren barruan gorpuzturiko alkarteak izaten dira lehiaketa horreen antolatzaileak. New York Times egunkari ospetsuak, esate baterako, bere American Crossword Puzzle Tournament antolatzen dau urtero, milaka jokozaleri parte hartzeko aukerea eskainiz, eta lurralde mailakoa baino ez dan Campionato Italiano di Cruciverba dalakoa antolatzen dau urtero Ottetto alkarteak Toskanako Grosseto urian. Frantsesaren eremuan, bestalde, 53. edizinoa ezagutu dau aurten Belgikako Championnat francophone de mots croisés izenekoak.

Bestetan be pasetan dan moduan, euskerazko hitz joko eta hitz gurutzatuen egile oparoenak dira Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen III. Txapelketa honen antolatzaileak, LUMA hilabetekariaren, hau da, hitz jokoak euskeraz argitaratzen dituan aldizkari bakarraren bultzatzaile eta argitaratzaileak, LUMA taldea, eta Xedera eta Bagabiga alkarteak, baitira txapelketa hau bultzatu dabenak.

Txapelketa bada be, eta holakoa da, txapela jantziko dauelako irabazleak, topaketa baten aurrean gagozala be esan daiteke, alkarregaz topo egiteko eta alkar ezagutzeko aukerea izango dabelako egun horretan, giro alaian eta patxadan, euskarazko hitz jokozaleek.

Hitz gurutzatuen edo gurutzegramen taiuko jokoak aurkezten ditue antolatzaileek txapelketako probetan eta aurtengo honetarako beren-beregi sortuak izango dira taula guztiak eta, jakina, lehen mailako garrantzia izango dabe hareetan eskainiko diran definizinoak edo azalpenak. Mota askotakoak izan daitekez definizino horreek, eta urrundu egiten dira ez gitxitan hiztegietan topetan doguzan estereotipoetatik. Luma taldeko kideak, LUMA hilabetekariaren egileak, arduratuko dira jokoen prestakuntzaz eta euren egokieraz eta zuzentasunaz. Era berean, epaile izango dira Luma taldeko kideak, horren beharra suberta leitekezan egoera guztietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu