Interneteko boto sistema elektronikoetarako hobekuntzak proposatu ditu EHUko ikertzaile batek

Bizkaie! 2009-11-09 14:35

Proposamenak proposamen, Maider Huartek ondorioztatu dau askatasun-printzipioaren hainbat alderdi asko mugatzen dituela bardintasun eta sekretu-printzipioak beteteko aukeratu diran kriptografia-motek. Era berean, segurtasunari jagokonez, ohiko tekniken eta tresnen erabilera soila ez dala nahikoa ikusi dau, softwarea modu egokian sortu ez bada, hau da, oinarrian dagoana ondo aplikau ez bada.

Maider Huarte Arrayago Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) ikertzaileak Interneteko boto sistema elektronikoetan oinarritu dau bere doktoretza-tesia eta zenbait hobekuntza proposatu ditu sistema horreetarako. 'Interneteko boto-sistema elektronikoetan unibersaltasun eta askatasun-printzipioen azterketa eta proposamenak' izenburukoa da lana.

Huarte Arrayagoren arabera, hauteskunde-prozesu bat demokratikotzat joteko, unibersaltasun, bardintasun, askatasun eta sekretu-printzipioak beteten dituan boto-sistemea erabili behar dau. Hautesle guztiek botoa baldintza bardinetan emoteko aukerea izan behar dabe; hautesle diran herritarrek bakarrik emon leikie botoa, eta boto bakarra bakotxak. Bestalde, hautesleek, botoaren bitartez, askatasunez adierazo behar dabe euren eretxia, eta hautesle bakotxak zer boto emon dauen ez da jakin behar.

'Horrek guztiak hainbat arazo eragiten ditu teknologia elektroniko eta informatikoak erabiltean. Izan be, teknologia horreen bidez emondako botoak hautesleek sisteman itxitako arrasto digitalagaz ez lotzeko neurri egokiak zehaztea ez da erraza. Gaur egun, neurri horreek zehazten dituen Boto Sistema Elektronikoko (BSE) proposamen asko dagoz, danak be kriptografia-tekniketan oinarrituak', dino.

Internet erabilten daben Boto Sistema Elektronikoak (iBSE) izenekoak aztertuz hasi eban Huarte Arrayagok tesi honetako ikerketa-lana, eta ondorioztatu dau gaur egun Internet darabilten boto-sistema elektronikoetan batez be bardintasun eta sekretu-printzipioak kontuan hartzen dirala. Hori dala eta, unibersaltasun eta askatasun-printzipioen beharra aztertu eta proposamenak landu ditu, eta 'beharrezko aldaketa edo hobekuntzak' proposatu.

Askatasun-printzipioaren harian, ondoko helburuak jarri ditu ikertzaileak: fidagarritasuna hobetzea, hautesleen borondatezko partaidetzea hobetzeko eta emoitza zehatzagoak lortzeko, eta malgutasuna hobetzea hautesleei euren eretxia ahalik eta zehatzen adierazoteko aukerea emonez.

Unibersaltasun-printzipioari jagokonez, barriz, helburuak bi izan dira: batetik, hautesleriaren gaitasunen heterogeneotasuna kontuan hartzen dituan gizakia-makina interfazeen definizinoa, eta, bestetik, hautesleen mobikortasuna areagotzea, komunikazino-protokoloetan eragin barik.

Helburu horreek lortzeko, hainbat urtenbide proposatu ditu ikertzaileak. Askatasun-printzipioari jagokonez, fidagarritasuna hobetzeko, esaterako, sendotasuna, gardentasuna eta erreklamazino pribatua indartu ditu. Beraz, Huartek landutako sistema horretan, sekretuan mantendu beharreko bakarra protokoloetako gako sekretuak dira. Bestalde, erreklamazino pribatua egiteko aukerea garatu dua, hauteslearen boto-sekretua arriskuan jarri barik.

Era berean, malgutasuna hobetzeko zenbait neurri hartu ditu: boto-paper digitalen formatua eta kontaketa-metodoetan eraginik ez dauen sistema eta protokoloak zehaztu ditu, eta hautesleari boto-emote prozesua edozein unetan eten eta berrekiteko gaitasuna emon deutso.

Unibersaltasun-helburuei jagokenez, barriz, gaur egungo interfazeen hobekuntzea eta etorkizunerako moduko interfazeak proposatu ditu.

Proposamenak proposamen, ondorioztatu dau askatasun-printzipioaren hainbat alderdi asko mugatzen dituela bardintasun eta sekretu-printzipioak beteteko aukeratu diran kriptografia-motek. Era berean, segurtasunari jagokonez, ohiko tekniken eta tresnen erabilera soila ez dala nahikoa ikusi dau, softwarea modu egokian sortu ez bada, hau da, oinarrian dagoana ondo aplikau ez bada, gainetik gehitutako guztiak ez dau ekarriko espero zan onurarik. Oinarri egokirik bako etxearen antzekoa litzateke.

Maider Huarte Arrayago (Donostia, 1976) Telekomunikazino injinerua da. Iñaki Goirizelaia EHUko erretorea eta Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazino saileko kidea izan dau tesi-zuzendari. Fakultate horretako irakasle-laguntzailea da Huarte Arrayago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu