Esne Zopak, iturrietatik edanez

Bizkaie! 2009-11-27 15:43   Musikea

Asteon plazaratu da Esne Beltza taldearen inguruan sortutako egitasmo barria CD eta DVD euskarrietan. Esne Zopak izenpean Xabier Solanok doinu akustikoakaz eukan zorra kitatu dau 16 kantu barri grabatuta.

Asteon plazaratu da Esne Beltza taldearen inguruan sortutako egitasmo barria CD eta DVD euskarrietan. Esne Zopak izenpean Xabier Solanok doinu akustikoakaz eukan zorra kitatu dau 16 kantu barri grabatuta. Diskoagaz batera triki jotzaile beteranoakaz egindako alkarrizketak eta Tropofilm produkzino etxeak, Mikel Laskurain eta Ane Elordi aktoreakaz egindako film laburra, zuzeneko kontzertuagaz batera, jaso ditue DVDan.

Esnea eta ogia. Ez da gauza handirik behar esne zopak egiteko. Mokadu bikaina da, barriz. Trikitiak eta panderoak be, beren xumean, inguruan dituen guztiak jantzan jarteko gaitasun izugarria daukie. Esne Zopak, horixe Esne Beltzaren proiektu barria. Estilo zaharrean jotako pieza barriak batu ditue Xabier Solano eta enparauek, eta trikitilari zaharren istorioakaz jantzi ditue pieza horreek.

Soinu aldetik trikiti tradizionalera hurreratzeko ahalegina egin dabe eta 1900. urte inguruko soinuak erabili ditue horretarako. Trikiti tradizionalera gerturatzeko modurik onena trikitilari zaharrakana hurreratzea zala pentsau eben Esne Beltzakoek. Holan, horreakana joan eta euren istorioak entzuten hasi ziran, eta hortxe 'Esne zopak' proiektuan batzen diran letren berezitasuna. Trikitilari zaharren pasadizoak batzen ditue letrek, eurei gertatutako istorioetan oinarritzen dira.

Besteren artean, Joakin Epelarre, Ramon Landakanda, Imanol Iturbide, Tomas Epelde, Iñaki Laja, Xapre, Inaxio Etxeberritxo, Felisa, Bitoriano Loiola 'Ospas' eta Praxku dira diskoko protagonista diran trikitilari zaharrak. Honeen istorioak Iker Zubeldia, Jon Maia eta Jon Garmendia bertsolariek moldatu ditue letra moduan eta ondoren Xabier Solanok musikatu ditu.

Baina entzutekoa ez eze, ikustekoa be bada 'Esne zopak' proiektua. DVD-an trikitilari horreek agertzen dira, euren istorioak kontetan, eta jarraian pasadizo horreetan oinarritutako abestia entzun ahal izango da.

Horrezaz gan Esnesaltzailea film laburra be bada. Diskoaren grabazinoa egin zan egunean, Astigarragako Larralde sagardotegiko emonaldian Tropofilms produkzino etxeak amaierea emon eutson filma grabeteari. Emonaldi horretako irudiak be izango dira beraz DVD-an eta amaitzeko aurten taldeak Japoniara egindako bisitaren irudiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu