Beñat Gaztelumendi eta Iker Zubeldia, zuzenean finalaurrekoetara
2009-10-19 11:15 BertsolaritzeaUztaritzen jokatu da asteburuan Bertsolari Txapelketa Nagusiaren laugarren final laurena eta bertan 669 puntugaz zemendiaren 7an Bergaran jokatuko dan finalaurrekoetarako txartela eskuratu dau Beñat Gaztelumendi donostiarrak. Zarautzeko saioan, barriz, Iker Zubeldia izan da nagusi.
Uztaritzen jokatu da asteburuan Bertsolari Txapelketa Nagusiaren laugarren final laurena eta bertan 669 puntugaz zemendiaren 7an Bergaran jokatuko dan finalaurrekoetarako txartela eskuratu dau Beñat Gaztelumendi donostiarrak.
Hauxe da Joana Itzaina gai-emoilearen aginduetara kantau ondoren sei bertsolarien puntuazinoa:
Beñat Gaztelumendi 669
Arkaitz Estiballes 661
Aitor Sarriegi 657
Xabier Paya 644,5
Unai Muñoa 615,5
Erika Lagoma 567
Lapurdira ailegau da Txapelketea eta makinatxu bat bertsozale animau ziran laugarren finalaurrekoa ikustera. Uztaritzeko Kiroleta pelotalekuan 700 bat lagun alkartu ziran.
Lehenengo hiru sailkatuak paretsu ibili ziran eta Paya be ez zan urrun ibili. Lagoma, ostera, asmau ezinik ibili zan. Bertsorik bitxienen artean, Zortziko txikian Payak botatakoa egon zan:
Xabier Paya:
Lehenbizi probatu dut
L tailen saila
gero, XLa
ez zan abantaila
XXLa
sartzen ere zaila;
noizko egingo dute
XPren taila?
Saioaren irabazle Beñat Gaztelumendik be bertso bikaina bota eban 'zerraila aldatzera etorri dira. Oraintxe emon deutsue giltza' gaia emon deutsienean. Hona hemen:
Beñat Gaztelumendi:
Igual, nere akatsa izan zen
ezkondu nintzen gazterik
nola pentsatuko nuen
guztia hala lazterik?
Ez nuke eduki behar
horren aurpegi tristerik
baina sofa goxo honek
bera gogorarazten dit
Nahiz ta ez dedan espero
bera berriz ikusterik
ez da sarritan erraza
ta ez daukagu ikasterik
Mirillatik so egin det
bera ote zen usterik
baina ez da atea jotzen
zuen haizea besterik.
Ana Marie Etxeberria Uztaritzeko Udaleko ordezkariak eta Maialen Iribarren bertso eskoletako ordezkariak banatu ditue oroigarriak.
Iker Zubeldia nagusitu da Zarauzko final laurenean
Zarautzen jokatu da asteburuan Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bosgarren final laurena eta bertan 643 puntugaz zemendiaren 14an Tolosan jokatuko dan finalaurrekoetarako txartela eskuratu dau Iker Zubeldia zegamarrak.
Hauxe da Saroi Jauregi gai emailearen aginduetara kantau ondoren sei bertsolariek daukien puntuazinoa:
Iker Zubeldia 643
Iratxe Ibarra 627,5
Uai Agirre 622
Joxe Munduate 608,5
Xabier Silveira 595,5
Oihane Perea 558,5
Zarauzko Aritzbatalde polikiroldegian 1300 bertsozalek zuzenean ikusi dabe sei protagonisten jarduna.
Saioaren amaieran Aitor Urbieta; Motxian eta Etxe Beltz bertso eskoletako kideak; eta Imanol Lasa, Zarauzko Udaleko zinegotzia, igon dira taula ganera bertsolariei Txapelketako oroigarria emotera.
Datozan saioak
Hurrengo saioa zapatu honetan, urriak 24, jokatuko da Laudioko Lamuza Granja Kiroldegian, 17:30ean.
Bertsolariak honako honeek izango dira: Fredi Paia, Iñigo Izagirre, Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa', Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Jon Martin. Gai-emoilea Zuriñe Iarritu izango da. Sarrerak honezkero salgai dagoz www.bertsolarrerak.eu atarian eta bertan eros daitekez, baita, BECen abenduaren 13an izango dan finalerako sarrerak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!