'Bertsogintzea ikastetxeetan' Unai Ormaetxeagaz eta Etxahun Lekuegaz

Testua Eta Argazkia Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-09-28 14:53   Bertsolaritzea

Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartean mobimentu hutsean dabilz aspaldion. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea preparetea gitxi ez da, baina, hala ta guzti be, asteak daroez aurtengo ikasturteko bertsolaritza klaseak preparetan. 'Bertsogintza ikastetxeetan' egitasmoa hobeto aituteko eta, Iñaki Iturriozen kazetari beharrari eskerrak, Bizkaie! Unai Ormaetxea eta Etxahun Lekuegaz egon da.

Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartean mobimentu hutsean dabilz aspaldion. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea preparetea gitxi ez da, baina, hala ta guzti be, asteak daroez aurtengo ikasturteko bertsolaritza klaseak preparetan. Makinatxo bat maisu ikusi dodaz bertan, batetik bestera, azkeneko batzar luze bat egin eta materialdun kajak Elkartera eroaten. Leirek, esate baterako, ez eban telefonoa soltau be egiten... Izan be, bat-batekotasunean oinarritzen dan ikasgaiak ondo pentsau beharreko talde-beharra dauka.

'Bertsogintza ikastetxeetan' egitasmoa hobeto aituteko eta, Iñaki Iturriozen kazetari beharrari eskerrak, Bizkaie! Unai Ormaetxea eta Etxahun Lekuegaz egon da. Ondo gustura egon gara eurakaz biakaz. Unaik hamabost bat urte daroaz ikastetxeetatik bertsoa zer dan espliketan, Etxahunek, barriz, hamar bat.

Gure protagonista biek klaseetan eboluzino galanta igarri dabela autortu deuskue. Unairen berbatan 'lehen burua makurtuta joaten ginan. Orain babesa daukagu materialaren aldetik, Elkartearen aldetik. Azpiegiturea dagoan aldetik askoz babestuago gagoz. Lehen materiala bakotxak eratu behar eban'. Lehen materiala era intuitiboagoan egindakoa zan eta orain asko findu dala esan deusku Etxahunek, koordinazino handia dagoala.

Datuak eskuan hartuta, hasiera batean maisu bi baino ez egozan lanordu osoagaz eta beste baton bat, ordu solteakaz. Aste honetan hasiko dan ikasturte barrian, barriz, zortzi maisu dira lanordu osoa daukienak eta beste pare bat orduka dabilzanak. Maisu bakotxak bere 'mapa' zatia dauka: batzuk, leku erdaldunetako ikastetxeetatik ibiliko dira gehiago (Unai eta Etxahunen kasua); beste batzuk, herri euskaldunagoetako geletatik. Errealidade guztiak ez dira bardinak eta, horregaitik, Etxahunek dinon moduan, 'helburu bakarra ez da bertsolariak ataratea. Ahozkotasuna, jente aurrean berba egiten eta egoten jakitea, musikea, euskerea, Euskal Kulturea... bertsoaren bidez ikastea'. Unai be bat dator horretan: 'bertsolaritzea euskerea emoteko beste era bat da, tresna asko daukazana. Hori bai, bertsolariren bat atarateko helburua baztertu barik. Jenteak aukerea euki dagien aurrera egin gura dauenak segiduteko' dino Etxahunek.

Eurek autortu deuskuen legez, askoz ludikoagoa da bertsolaritzako klasea euskerakoa baino. Taldeka egiten da behar, kantau egiten dabe, dana da nobedadea irakasletik hasita... dana da barria. Askotan ezagutzak minimoak izaten dira, ez dakie Andoni Egaña nor dan... 'Asko daukazu aportetako; ez dakie nondik urtengo dozun'. Klase dinamikoa izaten da, astean baten edo birritan emoten dabe eta ikasleen harrerea sano ona izaten da eta eskolen balorazinoa be bai. 'Euskereari funtzionaltasun bat ikusten deutsie. Funtzionaltasun hori ikusten dauen ikasle batek asko egingo dau aurrera, bertsolaritzan segidu ala ez' dinosku Unaik.

Etxahunek dinoskun moduan, proiektuaren oinarria astero edo hamabost egunerik baten emoten diran eskolak dira, baina oraindino dinamikoagoak bihurtzen dira eskola horreek jarduera osogarriei eskerrak: bertso-saioak antolatzen dira. Bat-batekotasuna zer dan aurretik esplikauta be, guztiz harrituta geratzen ei dira ikasleak. 'Futbolaren teoria espliketea moduan da eta pase batzuk emoten imintea eta beste gauza bat da San Mamesera joatea partidua ikusten eta jokalariak eurak eskolara ekartea' dino Unaik.

Irratsaio bat be preparetan dabe ikasleek: Bizkaia Irratiagaz lankidetzan 'Zortziko Txikia' irratsaioa grabetan da, astero-astero, zemendian hasi eta maiatzera bitartean -ikastetxe bakotxak aste baten parte hartzen dau-. Bertso Kantaldiak be antolatzen dira Aitor Rubio gitarra-jolearen laguntzinoagaz. Ikasleek eskoletan ikasitako kantak, bertso-sortak... edo eurak egindakoak be kantetan ditue. Eta, akabetako, 'Bilbertsoak' izeneko bildumea osotzen da. Hau da, gelarik gela ikastetxe guztietan batutako beharrakaz argitaratzen dan liburutxoa. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ganeko informazinoa be ailegauko jake ikasleei eta horren inguruko ekintzak preparauko ditue aurten.

Akabetako, ahozkotasunak daukan garrantzia aitatu gura neuke. Gure protagonistak dinoen legez, ikasleek funtzionaltasuna topetea da inportanteena. Eta bertsolaritzea oinarri hartuta, ikasleen ahozko komunikazino gaitasuna lantzea eta hobetzea dauka helburu 'Esan Ahala' egitasmoak. Abanto Zierbena, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Enkarterri, Galdakao eta Muskizko DBHko lehen mailako mila ikaslek landuko dabe.


Etxahun Lekue

Bidaiatzeko leku bat: Australia
Biziteko leku bat: Larrabetzu
Bertsolari bat: Unai Ormaetxea
Idazle bat: Harkaitz Cano
Liburu bat: 1984
Musika talde bat: Pi LT
Plater bat: Okelea, patata eta arrautza prijiduakaz.
Jatetxe bat: 'Amuman etxea'
Euskal Herriko Bertsolari Txapelduna: Unai Iturriaga


Unai Ormaetxea

Bidaiatzeko leku bat: Brasil
Biziteko leku bat: Euskal Herriko herri euskaldun kostero bat
Bertsolari bat: Arkaitz Estiballes
Idazle bat: Nietzsche
Liburu bat: Mario, haritik tiraka
Musika talde bat: Ken 7
Plater bat: Makarroiak tomateagaz
Jatetxe bat: Jauregibarria jatetxea
Euskal Herriko Bertsolari Txapelduna: Etxahun Lekue

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu