'Mamma Mia' musikalaren itsuei egokitutako emonaldia egongo da Arriaga Antzokian abuztuaren 19an

Bizkaie! 2009-08-12 11:05   Musikea

Jarduera hori Arriaga Antzokiak eta ONCE erakundeak 2008ko zemendian sinatutako hitzarmenaren barruan dago, ikusmen urritasuna daben pertsonei antzerkiko ikuskizunez gozetako aukerea emoteko helburuagaz. AUDESC sistemeari esker, itsuei antzezlanean agiri diran elementuen ganeko deskribapena egiten jake, denpora errealean.

Arriaga Antzokiak bat egingo dau ezintasuna daben pertsonentzako antolatutako Aste Nagusiko jarduerakaz eta abuztuaren 19an, 19:30ean, 'MAMMA MIA!' musikal arrakastatsuaren emonaldi bat eskainiko dau itsuei egokituta. Jarduera hori Arriaga Antzokiak eta ONCE erakundeak 2008ko zemendian sinatutako hitzarmenaren barruan dago, ikusmen urritasuna daben pertsonei antzerkiko ikuskizunez gozetako aukerea emoteko helburuagaz. Hitzarmena tintaz eta braillez sinatu zan, Arriaga Antzokiko Ibone Bengoetxea presidentearen eta Euskadiko ONCE erakundeko Basilio San Gabriel ordezkariaren eskutik.

2008-2009ko denboraldian, ikusmen urritasunak zituen pertsonek egokitutako hiru ikuskizunez gozetako aukerea izan eben: 'Sweeney Todd', 'Dos menos' eta 'Hermanas'. Oraingoan, ABBA taldearen abestietan oinarritutako 'Mamma mia!' musikala izango da protagonistea, abuztuaren 6tik irailaren 6ra bitartean antzokian egongo dana eta itsuei eskainitako ekitaldia abuztuaren 19ko 19:30eko emonaldian eskainiko dauena.

ONCEk eta Arriaga Antzokiak egindako akordioaren helburua da, hitzarmenean esaten danaren arabera, 'itsuak eta ikusteko urritasunak dituen pertsonak integretea eta, kasu honetan, arte eszenikoetara hurreratzeko normaltasun-prozesuan eragina daben baliabide guztiak bideratzea'. Hori lortzeko, Arriaga Antzokiak AUDESC sistemea erabiliko dau, hau da, itsuentzako audiodeskribapena. ONCEk horren jaubetza industrialaren eskubideak ditu.

AUDESC sisteman, aldibereko itzulpena egiteko taldea dago; horrela, itsuei antzezlanean agiri diran elementuen ganeko deskribapena egiten jake, denpora errealean. Halanda be, egun horretako emonaldia publiko orokorrarentzat zabalik be egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu