Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiak 25 urte beteko ditu aurten

Bizkaie! 2009-08-05 12:02   Musikea

Folk Getxo BBK irailaren 3tik 6ra izango da aurten eta bertan Pablo Milanés kantautore kubatarra, Quebeceko La Bottine Souriante eta Frantziako Orchestre National de Barbès jardungo dira saio nagusietan, 'Euskal musika: 25 urte' proiektua ahaztu barik.

Folk Getxo BBK irailaren 3tik 6ra izango da aurten eta bertan Pablo Milanés kantautore kubatarra, Quebeceko La Bottine Souriante eta Frantziako Orchestre National de Barbès jardungo dira saio nagusietan, 'Euskal musika: 25 urte' proiektua ahaztu barik. Azken saio horretan zenbait euskal musikari eta talde batuko dira jaialdiari omenaldia egiteko. Horreez gain, beste zortzi taldek be parte hartuko dabe eta, egitarauan, beste jarduera batzuk be badagoz: Bidezko Merkadua, Munduko Terrazea eta kaleko banden kalejirak, besteak beste.

Eguneko eskaintzea arratsaldeko taldeen eta artisten emonaldiagaz hasiko da; kontzertuak Erromoko Santa Eugenia plazako karpan hasiko dira 19:00etan. Areetako Geltokiko plazako karpan kontzertu nagusiak izango dira 21:30etik aurrera, eta horreek amaitutakoan, 23:45ak aldera, Munduko Terrazako (Santa Eugenia plaza) saioen ordua izango da. Areetako Geltokiko plazako kontzertuak ez dira dobakoak izango; besteak, bai.

Kontzertu nagusiei jagokenez, jaialdia Pablo Milanés abeslariaren eskutik hasiko da, Kubako autore-abestiaren artista ospetsuenetariko bat, hain zuzen be. Silvio Rodríguez eta Noel Nicolagaz batera, Nueva Trova Cubana dalako mobimentuaren fundatzaileetako bat da Milanés. 60ko hamarkadan hasi zan bere jarduerea eta, ordutik, 40 bat disko grabau ditu eta gizarte, politika eta maitasun kanta ospetsuak idatzi eta abestu. Bere ibilbidean, sari ugari lortu ditu, berbarako, 2006ko Grammy Latinoa.

Biharamunean, barikuan, irailak 4, La Bottine Sourianteren eguna izango da. Taldea Quebeceko ondare musikalari eusteko asmoz sortu zan eta Frantzia, Ingalaterra, Irlanda eta Eskoziako doinuen nahasketea interpretetan dau, bere herriko zenbait eskualdetako kolore eta erritmo bereziakaz. 1976an ekin eutsen bideari eta 30 urtean hamaika disko kaleratu ditue eta mundu osoan eskaini ditue kontzertuak. Egun, Quebeceko talderik ospetsuena da La Bottine.

Jaialdiaren hirugarren jardunaldian, Orchestre National de Barbès taldeak hartuko dau lekukoa. Etnia anitzeko musikariz osotutako talde hau 1995ean sortu zan Youcef Boukell baju-jotzaile eta musikagilearen eskutik. Bere erritmoak Magrebeko raï musikan oinarritzen dira, eta genero oso desbardinetako soinuak bateratzen ditue, chaâbia, reggaea, gnaoua musikea, jazza eta rocka, sonoridade propio oso originala sortuz. Taldearen izena Pariseko Boulevard Barbèsetik dator. Alde horretan, jatorri askotako personak bizi dira eta hori orkestrearen kideen arteko kultura aniztasunean islatzen da. Hasiera-hasieratik, taldeak Ipar-Afrikako musikearen aberastasuna erakutsi gura izan dau, batez be jai-erritmoak, eta tradizinoan oinarrituta, egungo doinuetara moldatu dau bere musika.

Azken egunean, irailaren 6an, Getxo Folk jaialdiari amaiera bikaina emongo jako 'Euskal musika: 25 urte' saioagaz. Proiektu horrek zenbait euskal artista eta talde batuko ditu jaialdiari omenaldia egiteko helburuagaz: Oskorri, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Gose, Maddi Oihenart eta Niko Etxart. Partaide bakotxak bere errepertorioko lau abesti joko ditu. Holan, estilo oso desbardinetako artista eta taldeak egongo dira taula ganean, euskal musikearen aberastasunaren erakusgarri.


Jarduera osogarriak

Kontzertuez gan, Getxo Folk jaialdian jenteak Bidezko Merkadua bisitau ahal izango du. Bidezko Merkatua Iparraren eta Hegoaren arteko bidezko merkataritzea sustatzen dauen ekimena da, zenbait GKEgaz batera antolatzen dana. Bestalde, hainbat herrialdetako artisautzako produktuak Munduko Merkadura bueltauko dira, Koan Alkartearen lanari esker. Aurten, ganera, beste kultura eta herrialde batzuetako gastronomia probetako aukerea egongo da Munduko Terrazan, Munduko Sendagileen (Euskadi) eskutik. Kaleko banden doinuak ez dira faltako jaialdian. Aurten, Holanda, Ipar Irlanda, Italia eta Madril-Galiziako taldeak jardungo dira Getxon. Azkenik, Getxoko Udaleko Immigrazino Zerbitzuaren eskutik Kulturen Gunea egongo da jaialdian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu