Mini autoaren 50. urteurrena ospatuko dabe gaur Bilbon
2009-08-04 11:12Mini auto mitikoaren Estaduko bilkurarik handiena izango da gaur Bilbon, eta 19:00etatik aurrera 130 baino gehiago batuko dira Casilda parkean. Handik, Birmingham uri ingeleserako bidea hartuko dabe, bertan egingo baita Miniaren Nazinoarteko Topaketea abuztuaren 7tik 10era bitartean, Miniaren sorrerearen 50. urteurrena ospatzeko.

Mini auto mitikoaren Estaduko bilkurarik handiena izango da gaur Bilbon, eta 19:00etatik aurrera 130 baino gehiago batuko dira Casilda parkean. Handik, Birmingham uri ingeleserako bidea hartuko dabe, bertan egingo baita Miniaren Nazinoarteko Topaketea abuztuaren 7tik 10era bitartean, Miniaren sorrerearen 50. urteurrena ospatzeko. Bilboko zitea Bartzelonako Mini Cooper Klubak antolatu dau.
Mini autoa XX. mendeko ikono kulturala da. Penintsulako bazter guztietatik etorriko diran Miniak Bilbora Artxandako Ostalaritza Eskolako aparkalekuan egon eta gero etorriko dira, karabanan. Bertan, 1960ko hamarkadako lehen urteetatik gaur egunera bitarteko autoak erakutsiko ditue jai-giroan. Jarraitzaile leial gehienak bidaia berezi honetan parte hartzen daben klubetakoak dira: Bartzelonako Mini Cooper Kluba, Castelloko Miniaren Kluba, Zaragozako Mini 10 Sport Kluba, Madrileko Miniaren Lagunak Kluba, Granadako Mini Kluba, Valentziako Mini Kluba, Almeriako Mini Cooper Kluba eta Reuseko Entusiastes del Mini.
Gidariak, laguntzaileak eta autoak, gaua Bilbon pasau ondoren, Santurtzira abiatuko dira eta, han, Portsmouthera joateko ferrya hartuko dabe 10:00etan. Handik Birminghamera joango dira, han dago-eta Rover fabrika zaharra; fabrika horretan egiten zan Mini autoa. Birmingham Miniaren Nazinoarteko Topaketaren egoitza izango da, eta mundu osotik joandako Miniaren 20.000 modelo baino gehiago batzea espero da.
Lehenengo minia 1959ko abuztuan merkaduratu eben, Morris Mini Minor izenagaz. British Motor Corporation-ek fabrikau eban. Handik bi urtera, Mini Cooper mitikoa aurkeztu eben, eta 1960ko hamarkadako automobil-ikono bihurtu zan. Minia Nafarroako Landaben fabrikan be fabrikau zan, 1968ko amaiera aldetik 1975era bitartean. Egun, Oxforden fabriketan da, Alemaniako BMW markearen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!