Bilbainada Lehiaketearen 2009. edizinoko epaimahaiak sariak banatu ditu

Bizkaie! 2009-07-23 14:22   Musikea

Jesús María Sanz eta Fernando Ibarraren 'Bilbao, ahora y siempre Bilbao', eta José María Larrazabal eta Matías Berrocalen 'Bilbao Botxo maitea' dira, hurranez hurran, euskeraz eta gaztelaniaz lehenengo sariak irabazi dituenak, 1.000na eurokoak.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen XXI. Bilbainada Lehiaketako epaimahaiak ezagutzera emon ditu aurtengo irabazleak. Jesús María Sanz eta Fernando Ibarraren 'Bilbao, ahora y siempre Bilbao', eta José María Larrazabal eta Matías Berrocalen 'Bilbao Botxo maitea' dira, hurranez hurran, euskeraz eta gaztelaniaz lehenengo sariak irabazi dituenak, 1.000na eurokoak. Era berean, lehiaketara aurkeztu diran 29 bilbainaden artean, 415na euroko zortzi akzesit be banatu dira 'Vista Alegre', 'All iron, 100% hierro', 'Gure txoko', 'Puentes del Nervión', 'I love you Bilbao', 'El vuelo de Chachín', 'Mi dulce Botxito' eta 'El Puente de Bizkaia' abestiei. Irabazleek Aste Nagusiko barikuan jasoko ditue sariak Casilda Parkeko Pergolan, eta saritutako kantu guztiak CD batean batuko dira. Diskoa abenduan aurkeztuko da Arriaga Antzokian

Bilboko jatorrizko herri-kantu mota honen errepertorioa barritzea helburu dauen urteroko lehiaketa honek, 5.000 eurotik gorako dirusariak banatzen ditu, irabazleentzako 1.000na euro modalidade bakotxean eta 415eko dirusaria akzesit bakotxeko.

Epaimahairen eretxiz, aurtengo Bilbainada onenen egileak Jesús María Sanz eta Fernando Ibarra dira gaztelaniazko modalitatean. Sanz lehiaketako beteranoa da eta 1998, 1999 eta 2004ko edizinoetan be lehen sarien irabazlea da, eskuratutako sei akzesitez gan. Epaimahaia, komunikazinoagaz eta musikeagaz loturea daben adituek osotzen dabe, Ibone Bengoetxea Kulturako zinegotzia buru dalarik.

Euskerazko atalean, saria José María Larrazabal eta Matías Berrocalek eskuratu dabe. Zinegotziagaz batera, epaimahaian, Iñaki Uranga abeslaria, Txomin Mujika BilbaoMusika udal erakundeko gerentea, Eduardo Velasco kazetaria eta Radio Nervión irratiko eta TeleBilbaoko zuzendaria dan Enrique Campos egon dira.


Bilbotar jatorri tipikoa

Genero honetako ohitureari jarraituz, bizkaitar uriburuagazko mirespena agertzen daben kantuak izateaz gan, saritutako kantuen berbetan iraganeko erreferentziak eta uriko ohiturak dira nagusi, baita uriko sinbolo tradizionalak be, akzesitetako izenburuetan ikus daitekeen moduan: 'Vista Alegre', 'All iron, 100% hierro', 'Gure txoko', 'Puentes del Nervión', 'I love you Bilbao', 'El vuelo de Chachín', 'Mi dulce Botxito' edo 'El Puente de Bizkaia'. Akzesitak eskuratu dituenen artean, Bilbainada alorrean klasikoak diran bi konposatzaile azpimarratu behar dira: Xabier Zamudio eta Karmelo Sarrionaindia, Los Cinco Bilbainos taldekide ohiak.

Saritutako kantuen berbei jagokenez, 'Bilboko beti-betiko gaiei' lotutakoak izaten dira kasu batzuetan, besteak beste, Bizkaiko Zubia, zezen plazea, jatorri ingeleseko 'aliron' adiera, uriko pastel eta gozo propioak, zubiak edo Botxoagazko maitasunezko autorpenak. Chachínen figurea be errebindiketan da, Wright anaien bilbotar aurrendari bat. Bestalde, botelloia lako jazoera barria be jorratu dauenik be egon da.

Lehiaketa honek aukera ezin hobea eskaintzen dau 'Botxo'-ko kantutegi tradizionala erabarritu eta 100 urtetik gorako tradizino hau bizibarritu ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu