'Plentziako Tokiko Historia II. Jardunaldiak (1500-1812)' Plentzian

Bizkaie! 2009-07-08 15:24

'Plentziako Tokiko Historia II. Jardunaldiak (1500-1812)' Plentziako Goñi Portalen egingo dira garagarrilaren 9, 14 eta 15ean eta sarrerea dobanekoa izango da.

2009ko garagarrilaren 9, 14 eta 15ean egingo dira jardunaldi honeek Bizkaian kokaturiko uribilduan. Plentzian, Uribilduko Udal Ordenantzen (1508) V. mendeurrenari buruzko I. Jardunaldiak, XVI. mendean oinarrituta, egin ziranetik urtebete pasau dan honetan, aro modernoaren (1500-1812) panoramea zabaltzea da asmoa, izan be, portuko bizitza komertziala inoiz baino garrantzitsuagoa izan zan garai haretan: Plentzia, Gorliz, Lemoiz, Barrika, Urduliz, Sopela eta Gatikak osotutako eskualdeko bizitza ekonomikoa, soziala eta kulturala kapitalizetan eban, San Pedroko marinelen kofradiaren bitartez.

Plentziako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako topaketa honen bidez garai haretako bizimodu eta lehentasun ekonomiko eta sozialei buruzko ikerketa zientifikoen emoitzen barri emon gura da.

Plentzia eta eskualdeko portuko itsas historiaren inguruko bost berbaldi eskainiko dira bost ikuspegitatik, guztiak espezialisten eskutik: Plentziagaz hartu-emonak izan dituen kapitain eta pilotu zenbait, burdin bizkaitarraren merkataritza 1500 eta 1700 urteen artean, burdinaren kabotajea eta San Pedroko Marinelen Kofradia, ospe urteetan ontzigintza eraikuntza eta Antxinako Erregimenean Plentzian itsasoak izan eban garrantzia.

Horrezaz gan, 2008ko lehen Jardunaldietan eskainitako berbaldiak batzen dituan liburua aurkeztuko da.


'Plentziako Tokiko Historia II. Jardunaldiak (1500-1812)' - Egitaraua

- Garagarrilak 9, eguena

19:00 Aurkezpena (Isabel ZARAUZA, Plentziako Alkatea; Ramón ANASAGASTI, Plentziako Kultura Zinegotzia; Marta AJURIA, Eusko-Ikaskuntzaren Bizkaiko Lehendakariordea; eta Gonzalo DUO, Eusko Ikaskuntza).
19:30 Komunikazioa. 'Plentziagaz hartu-emonak izan dituen kapitain eta pilotu zenbait'. Hizlariak: Angel MARURI eta Ricardo FRANCÉS. Merkataritza-ontziteriako kapitainak.
20:00 Berbaldia. 'Burdin bizkaitarraren merkataritzea 1500 eta 1700 urteen artean'. Hizlaria: Jean Philip PRIOTTI, Université du Littoral. Frantzia.

- Garagarrilak 14, martitzena

19:30 Komunikazioa. 'Burdinaren kabotajea eta San Pedroko Marinelen Kofradia'. Hizlaria: Gonzalo DUO. Etnógrafoa eta historialaria. Eusko Ikaskuntza.
20:00 Berbaldia. '1790-1830, ontzigintzearen urrezko urteak Plentzian'. Hizlaria: Lourdes ODRIOZOLA. Ikertach.

- Garagarrilak 15, eguaztena

19:30 Amaierako berbaldia. 'Antxinako Erregimenean Plentzian itsasoak izan eban garrantzia'. Hizlaria: María Angeles URIARTE. Historialaria. Bizkaia Ikastetxea. Zamudio.
20:30 Mahai ingurua. Jardunaldien laburbiltzea eta 'Plentzia Uribilduaren Udal Ordenantzen 500. urteurrena. 1508-2008' liburuaren
aurkezpena.

'Plentziako Tokiko Historia II. Jardunaldiak (1500-1812)' Plentziako Goñi Portalen egingo dira eta sarrerea dobanekoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu