'The naked Flame', Ivan Julian & Capsularen barriena
2009-06-30 18:40 MusikeaAurkezpen kontzertua Andoainen pasa dan bagilaren 20an eskaini ostean, Frantzian sei kontzertu emon eta Santoñan eta Gijonen be jo ostean, Bermeoko Aritzatxu Rock Free Jaialdian izango da Ivan Julian & Capsularen lan barria zuzenean ezagutzeko aukerea. Hitzordua, garagarrilaren 18an izango da, Bermeoko Pergolan, hain zuzen be.
Abesti handiz eta sorpresaz betetako diskoa da 'The naked Flame', Gaztelupeko Hotsak-eko Bloody Hotsak-ek argitaratua. Ehunka jokera batzen ditu barrenean, eta kantu bakotxak ñabardura ugari ditu: hit bilakatu dan rock-and-roll garagero bizi-bizia ('A young man's money'); rock indartsu, funky eta soularen eztandea ('That look, 'The funky beat in sismese'), NYeko hasieretako new wavea ('The waves'), Hendrix inbokatzea ('Naked flame') eta iluntasun baltzenean hondoratu ('Godiva'), 77eko haizea hartu ('Hardwired') eta tonu melodikoena ('Sticky') berreskuratzeko. Disko barrian, azken aldian New Yorken bilatutako hotsak jorratzen ditu aspaldiko gitarra jotzaile eta abeslari Ivan Julianek, Richard Hell & The Voidoid's, The Outsets eta Lovelies taldeetako jatorrizko kideak eta euren arrastoa ixten dau Argentina-Bilboko Capsula hirukoteagaz batera.
Ivan Julian 13 urtegaz hasi zan gitarrea joten eta ordutik ez da gelditu. Zeppelinen covers-ak egiten mutikotan, itsasoa zeharkatu eta The Foundations taldeagaz ibili zan Ingalaterran; eta NYera itzulita Richard Hell & The Voidoids taldea sortu eban, CBGBko punk eta new wavearen oinarriak eregi eta eskola sortu ebana. 80ko hamarkadan Outsets taldeagaz rockaren mugak zabaldu eta bide barriak urratu zituan, gerora no wave eta post-punk taldeek zeharkatu dituenak. The Clashen 'Sandinista'-n esku hartu eban; Gang Of Four eta XTC-eko kideen Shreikback zein Matthew Sweetekin birak… Konposatzen jarraitzen dauen arren, NY Hed estudioan lanean dabil talde interesgarriak grabetan: Fleshtones, Heavy Thrash, James Chance…
Capsula Argentinako hirukote bilbotartua da, garagea, psikodelia eta beste hainbat estilo lantzen dituana. Eten barik dabilz birak egiten eta azkeneko diskoa ('Rising mountains') NY Hed estudioan nahastu eben AEBetako bira batean. Han ezagutu eben Ivan Julian eta gero etorri da disko hau. Julianek aukeratutako kantuei Capsulak ukitu propioa emon deutse. Lan horretan erakusten deusku konposatzaile handia dala orain be, soinu bilatzailea, giro eta sentsazino bereziak sortzeko intuizio bereziagaz, hanka bat rockean eta bestea esperimentazinoan daukana.
'The Naked Flame' zuzenean
Aurkezpen kontzertua Andoainen pasa dan bagilaren 20an eskaini ostean, Frantzian sei kontzertu emon eta Santoñan eta Gijonen be jo ostean, Bermeoko Aritzatxu Rock Free Jaialdian izango da Ivan Julian & Capsularen lan barria zuzenean ezagutzeko aukerea. Hitzordua, garagarrilaren 18an izango da, Bermeoko Pergolan, hain zuzen be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!