Garagarrilaren 1ean ekingo deutso Getxoko Jazzaldiak Euskadiko jazz jaialdien denporaldiari
2009-06-24 17:29 MusikeaGaragarrilaren 1ean hasiko da Euskadiko jazz denporaldia Getxoko 33. Nazioarteko Jazzaldiagaz. Garagarrilaren 5era arte, Paquito D'Rivera, Chano Dominguez, Michel Camilo, Spyro Gyra, Diane Schuur eta Omar Sosa musikari eta taldeek joko dabe Getxon.
Garagarrilaren 1ean hasiko da Euskadiko jazz denporaldia Getxoko 33. Nazioarteko Jazzaldiagaz. Garagarrilaren 5era arte, Paquito D'Rivera, Chano Dominguez, Michel Camilo, Spyro Gyra, Diane Schuur eta Omar Sosa musikari eta taldeek joko dabe Getxon. Talde lehiaketako, Hirugarren Milurtekoa ataleko eta Dixie Gunearen kontzertuak gehitu behar jakez horreei. Danetara, 25 saio egongo dira, jaialdiko egun bakotxaren amaieran egiten diran jam saioak ahaztu barik.
Aurten be Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta talde lehiaketako saioak, 21:30etatik aurrera. Bestalde, Getxo Antzokia Hirugarren Milurtekoa sailaren eszenatokia izango da eta Dixie Gunea Algortako Geltokia plazan kokatuko da.
Jaialdiaren lehenengo egunean, Diane Schuur abeslari eta piano-jole estadubatuarraren txandea izango da. 'Jazzaren lehen andrea' itsua da eta belarriz ikasi eban pianoa joten eta hainbat estilotan landu eban bere ahotsa Washingtoneko Itsuentzako Musika Eskola ospetsuan. Stan Getz artista famatuak Etxe Zuriko talentu barrientzako musika-ekimenerako batu eban eta ordutik hona ohiko agertoki bilakatu da AEBetako presidentearen egoitza Schuurrentzat.
1986an ospe handia lortu eban lehenengo aldiz 'Timeless' diskoagaz eta Grammy sari bat eskuratu eban. Hurrengo urtean beste bat irabazi eban, Count Basie Orchestreagaz grabautako lanaren eskutik. Azken lana 'Some Other Time' da, haren amaren omenez grabautako diskoa, hain zuzen be.
Biharamunean, garagarrilaren 2an, Omar Sosak joko dau Afreecanos Quartet taldeagaz. Musikari kubatarra musikaren hainbat arlotan trebea da: musikagilea, produktorea, perkusino-jolea eta zenbait taldeko liderra. Bere latin jazzeko erritmoetan munduko musiken hainbat doinu buztartzen ditu egungo musika elektronikoagaz eta bere afrikar eta kubatar sustraien eraginakaz kale-musika freskoa eta originala lortzen dau.
Sosak 17 disko grabau ditu eta beste hamar lanetan parte hartu dau kolaboratzaile moduan. Bere jardueran zehar Grammy Sarietan izentaua izan da zenbait aldiz.
Jaialdiaren erdibidean, garagarrilaren 3an, Michel Camilo dominikarraren txandea izango da. Musikaria 2002an be egon zan Getxon eta arrakasta handia lortu eban. Teknika handiko piano-jotzailea eta musikagile ospetsua, erritmo latinonen eragina nabarmena da bere musikan. Bere jaioterrian abiatu zan musikan Camilo eta, 1979tik aurrera, New Yorken osotu eban bere heziketea Juilliard eta Mannes eskola ospetsuetan. Ordutik hona, artisteak leku gorena lortu dau jazzaren panoraman eta ospe handiko sariak lortu ditu, Grammya esaterako.
Garagarrilaren 4an, Spyro Gyraren txandea izango da. Jazz-fusino banda hori 1970eko hamarkadako hasieran sortu zan Buffalon, New Yorken (AEB), 25 disko baino gehiago grabau ditu eta hamar miloe kopia saldu ditu. Jazzaren talderik emonkorrenetako bat da Spyro Gyra eta arrakasta komertzial handia lortu dau bere jardueran. Besteak beste, rhyth&blues, funk eta pop doinuak buztartzen ditu bandak jazzagaz eta bere abesti arrakastatsuenen artean 'Shaker Song' eta 'Morning Dance' aitatu behar dira.
Getxo Jazzek 2010era arte agur esango deutse entzuleei garagarrilaren 5ean egundoko bikotea osotzen daben bi musikariren eskutik: Paquito D'Rivera eta Chano Dominguez.
D'Rivera saxo-jole, klarinete-jole eta musikagile kubatarra, jazz latinoaren estiloko musikaririk handienetako bat da. 1965ean musikari birtuosoa zan eta Kubako Orkestra Sinfoniko Nazionalean egin eban debuta; urte horretan, Orquesta Cubana de Música Moderna taldea eratu eban Chucho Valdés piano-joleagaz. Ondoren, beste artista famatu batzuekaz, Irakere taldea sortu eban, Kubako musikaren mito bat, hain zuzen. Bere herria itxi eta AEBetara alde egin eban eta, ordutik, bere jarduerak gora egin dau. Horren erakusle dira lortu dituen Grammy sariak.
Bestalde, Chano Dominguez espainiarra flamenko-jazzaren artista handien artean dago. Piano-jole andaluziarrak estilo horren ildo guztiak jorratzen ditu, beti be jazz egiturei eutsita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!