Petroleo Rock'09 Jaialdiaren eta Euskadiko Soinuak programako musika alkarte profesionalen arteko lankidetzea
2009-06-22 18:05 Musikea'Petróleo Rock - Euskadiko Soinuak' Gaua garagarrilaren 31n egingo da Miranda de Ebroko alde zaharreko futbol zelaian. Joko daben 12 taldeak honakoak dira: Berri Txarrak, Une, Gatibu, A kal y kanto (Miranda de Ebro), Stupenda Jones, Hesian, Txapelpunk, Betagarri, Txarrena, Koma, Ekon, Des-Kontrol eta Etsaiak.
EHDE (diskoetxeak), EUPREL (manager eta promotoreak) eta Kultura Live (zuzeneko areto pribatuak) musika alkarte profesionalek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskadiko Soinuak programearen laguntzinoagaz, Burgoseko Miranda de Ebron garagarrilaren 30, 31 eta abuztuaren 1ean egingo dan Petróleo Rock jaialdiko antolatzaileakaz aurtengo edizinorako lankidetzarako akordioa lortu dabe. Holan, aurten laugarren urtez antolatzen dan Petróleo Rock'09 Jaialdian euskal taldeei egun oso bat eskainiko jake. Egitarauan euskal talde asko agiri dira, eta garagarrilaren 31n, jaialdia eta euskal musika alkarte profesionalen eta Euskadiko Soinuak programearen arteko lankidetzeari esker, programautako 12 taldeetatik, 11 euskaldunak izango dira, gehienak, gainera, euskeraz abesten dabenak.
Euskal musikearen gaua garagarrilaren 31n izango da, barikuan, eta 'Petróleo Rock / Euskadiko Soinuak' izentau dabe antolatzaileek. Kontzertuak Miranda de Ebroko alde zaharreko futbol zelaian izango dira. Euskadiko Soinuak gauean joko daben 12 taldeak honakoak dira: Berri Txarrak, Une, Gatibu, A kal y kanto (Miranda de Ebro), Stupenda Jones, Hesian, Txapelpunk, Betagarri, Txarrena, Koma, Ekon, Des-Kontrol eta Etsaiak.
Era berean, abuztuaren 1ean joko dabenen artean, Kaotiko, Gatillazo, Lendakaris Muertos eta Sozieda Alkoholika azpimarra daitekez.
Euskadiko Soinuak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak garatutako programearen helburuak euskal musikearen promozinoa eta zabalkundea dira. Helburu orokor horretatik abiatuta, Euskadiko musika sektore profesionala indartzea bilatzen da, horretarako sektoreko alkarteen lankidetzaz hainbat jarduera garatuz. Jarduera horreek modu desbardinetan gauzatzen dira, besteak beste, euskal eta beste herrialdetako artisten arteko trukaketak eginez, mundu mailako musika ferietan parte hartuz, edota euskal musikearen ezagutza kanpoaldean bultzatzen daben erakunde edo jardunaldiakaz alkarlana bideratuz.
Euskadiko Soinuak programeak bultzatutako ekimenek Euskadiko Soinuak -Sonidos de Euskadi -Basque Music izentapenada daukie, eta Euskadiko herri musikearen inguruko jarduera profesionala bultzatzea da bere ezaugarria. Egitasmo honeek garatzeko, baita ekintzen antolakuntza eta azterketarako be, musika sektoreko alkarte profesionalen parte hartze zehatzaz baliatzen da programea, bereziki alkarte honeetaz:
EHDE - Euskal diskoetxeen alkartea
2004an sortutako alkarte profesionala, Euskal Herriko diskoetxe gehienak ordezkatzen ditu. Bere helburu garrantzitsuenak honakoak dira: bazkidetutako enpresen arteko hartu-emonak garatzea, erakunde publiko zein pribatuakazko bitartekari eraginkorra izatea, sektorearentzako interesgarri diran gaiei buruz informau eta heztea, edota kide guztientzat onuragarriak izan daitekezan proiektuak aurrera eroatea.
EUPREL – Euskal promotoreen alkartea
2005ean sortu zan, eta zuzeneko musikearen inguruan modu profesionalean dabilzan euskal musika enpresak batzen ditu. Enpresa honeek hainbat arlotan garatzen dabe euren lana: managementa, kontzertuen antolakuntzea, musikarien ordezkaritzea, booking-a, mundu mailako biren antolakuntzea eta abar. Alkartearen zeregina, zuzeneko musikearen jarduera osoaren barruan eragina daben hainbat ataletan hobekuntzak lortzea da, besteak beste, erakundeakazko hartu-emonak, azpiegiturak, eremu eszenikoak, araudiak, sektoreko arazoak eta abar.
KULTURA LIVE – Euskadi eta Nafarroako zuzeneko musikako areto pribatuen alkartea
Alkarte honen helburu garrantzitsuena, erakunde publikoek zein publiko orokorrak areto honeek egiten daben lana aintzat hartzea da, baita zeregin horrek industria eta turismo arloan dauen protagonismoa nabarmentzea be. Horrezaz gan, Euskadi eta Nafarroako musika areto pribatu gehienak batu eta ordezkatu nahi ditu alkarteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!