Musikea eta jantzak protagonista Getxoko astegoien kulturalean

Bizkaie! 2009-06-17 15:45
Barikuan hasita, Kantuketan, Euskarashowa, Getxotar Dantza Eguna eta Getxotar Abesbatzen Eguna ekimenak izango dira.

Kultur egitarau anitza egongo da astegoien honetan Getxon, musikea eta jantzak protagonista izango dirala. Bagilaren 19an, barikuan, Euskarashowa karaoke interkulturala izango da eta Getxotar Dantza Eguna be hasiko da. Hori dala eta, domekara bitartean, bertoko zenbait jantza eskoletako ikasleek koreografiak antzeztuko ditue. Zapatuan, Kantuketan 2009 musika zikloak Sugan eta Gatibu taldeen musikea ekarriko dau Getxora eta, azkenik, domekan, bagilak 21, Getxoko zenbait koru batzen dituan Abesbatzen Eguna izango da. Jarduera guztietarako sarrerea dobakoa izango da.

Barikuan, bagilak 19, Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak eta Immigrazino Zerbitzuak bultzatutako Euskarashowa ekimena izango da. Karaoke horren helburu nagusia kulturen arteko harremanak sustatzea da, musikea tarteko dala. Kontuak kontu, jatorrizko getxotarrak eta etorkinak batuko ditu, alkarrezga abesteko asmoz. Ekitaldi horretan artista konbidatuak egongo dira: Jorge eta Israel Pisa, flamenkoa euskeraz interpretauko daben bermeotarrak, eta José Heredia eta Candela Radio DJ taldea. Era berean, Euskarashowean hainbat kulturetako gastronomiaz gozetako aukerea be egongo da.

Bagilaren 19tik 21era Getxotar Dantza Eguna ospatuko da. Aurten, jarduera horren hamaseigarren ekitaldia izango da. Publikoak bertoko bost jantza-eskoletako taldek eskainiko dituen saioez gozau ahal izango dau eta koreografia guztiak Algortako Biotz Plazan antzeztuko dira. Aurtengo edizinoan, 4 eta 20 urte arteko 100 bat ikaslek parte hartuko dabe. Saioetarako konbidapenak (dobakoa) hilaren 8tik aurrera jaso daitekez kultur etxeetan. Barikuan, saioak 17:00etan eta 19:00etan (Dantzarte-Danco akademia) izango dira; zapatuan, 12:00etan (Ana Lara jantza eskola) eta domekan, 12:00etan eta 19:00etan (Areetako Flamenko eskola-Carmen Vera jantza eskola).

Kantuketan 2009

Bagilaren 20an Kantuketan musika-zikloaren txandea izango da. Helburu nagusia euskal musika-talde eta artistarik onenak batzeko topagune bihurtzea da. Aurten saio bikotxa egongo da Erromoko Santa Eugenia plazako karpan, Sugan eta Gatibu taldeen eskutik. Suganek pop-rock zuzena eta freskoa eskaintzen dau, ukutu klasikoz jantzita eta kontzeptu sinfonikoan islaturik. Getxon 'Malko Gorria' bere bigarren diskoaren kantak aurkeztuko ditue. 14 kanta barri biltzen ditu lanak, sentimenduz eta bizitasunez betetakoak. Bestalde, Gatibu euskal talde famatuenetako bat bilakatu da azken urteotan. Getxon 'Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik' disko barriko kantuak joko ditue.

Azkenik, domekan, bagilak 21, Getxotar Abesbatzen Eguna ospatuko da bigarren urtez jarraian. 18:00etatik aurrera, bertoko 9 talde jardungo dira Erromoko Santa Eugeniako plazako karpan. Bertan euskerazko konposizinoz osotutako errepertorioa abestuko dabe: Erromoko Kantariak, Eskuz-Esku, Gorrondatxe, Irutasun, Tangorako Soinutarrak, Zozoak, Itxartu, Biotz-Alai eta Ondarreta taldeek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu