Zementuaren degradazinoari buruzko lan batek irabazi dau Basque Research webgunearen VII. Tesi Saria

Bizkaie! 2009-06-17 12:29

Elhuyar Fundazinoak Basque Research webgunearen bitartez antolatzen dauen VII. Tesi Sariko saridunak jakinarazo ditu. Aurten, 62 lan aurkeztu dira sariketara, eta lehenengo aldiz edozein ikasketa-alorretako tesiak onartu dira. Lehenengo sariduna Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Juan Jose Gaitero Redondo ikertzailea izan da.

Elhuyar Fundazinoak Basque Research webgunearen bitartez antolatzen dauen VII. Tesi Sariko saridunak jakinarazo ditu. Aurten, 62 lan aurkeztu dira sariketara, eta lehenengo aldiz edozein ikasketa-alorretako tesiak onartu dira. Lehenengo sariduna Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Juan Jose Gaitero Redondo ikertzailea izan da, 'Doctor, creo que mi casa tiene osteoporosis' lanarengaitik.

Gaitero fisikaria da, eta aurkeztutako lanean, zementutik abiatuta, material horren degradazino-prozesua eta hazurretako osteoporosia edo hazurren desmineralizazino orokorra alderatzen ditu, 'oso modu erakargarrian', epaimahaiaren eretxiz. Laburpen horrengatik, ordenagailu eroangarri bat eta astegoien bateko egonaldi bat jaso ditu Juan Jose Gaiterok, Sistek Informatica eta Microsistemas-en eta Nekatur alkartearen laguntzari esker.

Bigarren saria eta euskerazko laburpen onenari emoten jakon aitamen berezia persona berari egokitu jakoz aurten: Ekaitz Agirregoitia Marcos EHUko ikertzaileari; 'Opioideak eta kannabinoideak: espermatozoideen mugikortasunaren zaindariak' izeneko lana aurkeztu dau Ekaitz Agirregoitia fisiologian doktoreak. Gure gorputzean daukaguzan barne-opioideek eta barne-kannabinoideek espermatozoideen mobikortasunean zelan eragin leikien ikertu dau. Lan horrengaitik, argazki-kamera digital bat, landetxe batean astegoien bat pasetako aukerea (bigarren sariari jagokozan opariak) eta MP4 irakurgailu bat (aitamen bereziaren saria) irabazi ditu.

Arduradunek jakinarazo dabenez, sariketara aurkeztu diran 62 lanetatik, 44 Euskal Herriko Unibersidadekoak dira, bat Mondragon Unibersidadekoa, bi Deustuko Unibersidadekoak, bat Nafarroako Unibersidade Publikokoa eta 14 Nafarroako Unibersidadekoak.


VII. Tesi Sariko babeslea Euskal Herriko Unibersidadea izan da.

Elhuyar Fundazinoak Basque Research webgunearen bidez antolatzen dau sariketa hau, eta helburua da doktore-tesien laburpenak modu erakargarri eta ulergarrian gizarteratzea, hau da, ikerketa lanak zabaltzea. Epaimahaia bost personak osotu dabe, guztiak dibulgazinoan adituak: Guillermo Roa Zubia, Kimikan doktorea eta Norteko Ferrokarrilla dibulgazino irratsaioko zuzendaria; Eider Carton Virto, Kimikan lizentziatua eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko zuzendaria; Garazi Andonegi Beristain, Injinerutza teknikoan lizentziatua eta Basque Research-eko arduraduna; Bego Zubia Gallastegi, Kazetaritzan lizentziatua eta 'Teknopolis' telebista-saioko erredaktorea; Lucia Alvarez Busca, Komunikazinoan lizentziatua eta EHUko prentsa-zerbitzuko erredaktorea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu