Euskaltzaindia Bilboko Liburu Azokan
2009-06-09 14:40 KultureaEuskaltzaindiak bi liburu aurkeztuko ditu Bilboko Liburu Azokan: lehenengoa, 'Estigmatizados por la guerra', Gorka Aulestiarena gaur bertan (bagilak 10) eta 'Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren pentsaera eta obra', Jurgi Kintanarena, barriz, bihar, bagilak 11.
Euskaltzaindiak bi liburu aurkeztuko ditu Bilboko Liburu Azokan: 'Estigmatizados por la guerra', Gorka Aulestiarena eta 'Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren pentsaera eta obra', Jurgi Kintanarena.
Bestalde, bagilaren 4tik 14ra bitartean, Liburu Azokeagaz batera, 'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' izeneko erakusketea ikusgai dago Bilboko Arenalean. Erakusketea Euskaltzaindiak sustatzen dau eta Akademiaren sorrerearen 90. urteurrenean kokatzen da. Azokearen ordutegia: 11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 21:00etara.
'Estigmatizados por la guerra'
Euskaltzaindiak argitaratzen dauen 'Euskaltzainak' bildumako 8. zenbakia da eta Gorka Aulestia euskaltzain urgazleak idatzi dau.
Gerra Zibila (1936-1939) eta ondoren etorri zan ia 40 urteko diktadurea izan dira, duda barik, Espainian XX. mendean bizi izan dan jazoera historiko latzena. Liburu honen egileak euskaldun askoren -ia gehienak idazleak- testigantzea emon gura dau; honeek, euskerea eta euskal kulturearen genozidioaren kontra lan egiteagaitik, fusilatuak, kartzelaratuak eta erbesteratuak izan ziran.
'Intelektuala nazioa eraikitzen: R.M. Azkueren pentsaera eta obra'
Euskaltzaindiak argitaratzen dauen 'Iker' bildumako 22. zenbakia da eta Jurgi Kintanak idatzi dau. Euskal Herriko Unibersidadearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.
Liburu honetan Jurgi Kintanaren doktorego tesiaren zati nagusia batzen da. Zehatz esateko Resurrección María Azkueren izate eta egite intelektualari jagokona. Liburuak hiru parte nagusi ditu: Azkueren pentsakerea, Azkueren proiektuak eta Azkueren botere-plataformak. Ikerketearen abiapuntuan galdera bat dago: zein izan zan Azkueren ekarpena? Funtsean euskal nazino kultural bat eregiten saiatu zala erantzun daiteke.
'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' erakusketea
Pirinioetako hizkuntzak, euskerea izan ezik, latinetik datoz, beti be, tokian tokiko hizkuntzek aldatuta. Mendetako prozesu hori dala eta, lurraldeari begira hur dagozan baina alkarren artean ondo baino hobeto bereizita dagozan hizkuntzak sortu dira. Literaturearen bidez, hizkuntza horreek aurrera egin dabe, eta, aldi berean, aberastu eta euren muga linguistikoetatik kanpora zabaldu dira, kalidade artistikoa be irabazi dabelarik.
Erakusketeak hizkuntza horreen ezaugarrietako batzuk eta euren historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbiltzen ditu. Holan, bada, horreetako bakotxa erabilten daben herrietako bizitza sozialean daukan erabilerearen lekukotasunak eskaintzen dira, administrazinoan, zientzian, irakaskuntzan eta, jakina, literatur genero desbardinetan daukien presentziaren adibideak emonez.
Erakusketearen gida bat argitaratu dau Euskaltzaindiak lau hizkuntzatan: euskeraz gan, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!