Asier Muniategi: 'irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina gehiago egin beharko litzatekez'

Saioa Torre Gereketa 2009-06-08 12:38   Barriketan

Euskal liburu azoken koordinatzailea

Poesia, nobelea, haur literaturea, komikia... Danetariko generoak jorratzen dituen liburuak esku artean izateko zein erosteko aukerea dakar, aurten 39.enez, Bilboko Liburu Azokeak. Bagilaren 15era bitartean, azokeaz gan, hainbat ekimen paralelo egingo dira literaturea oinarri hartuta eta, tartean, oraintsu hil dan Mario Benedettiri omenalditxua be egingo jako. Kontu horreek ondo baino hobeto dakiz Asier Muniategik, bera baita Euskadiko azoken koordinatzailea.


1.- 'Liburu azokea' esan eta danori jatorku Durango burura. Joera hori apurtzeko beharra ikusten dozu?

Ez, apurtu ez da ezer apurtu behar. Gauzak jagokezan lekuan jarri eta, ahal dala, batuketea egin behar da. Durango gure azoka nazionala dala esango neuke, batez be euskal munduarena. Bilboko azokan, barriz, euskal mundua, erdal mundua eta atzerriko hizkuntzak be badagoz. Askozaz zabalagoa da literatur munduari eta liburu eskaintzeari jagokonean eta guk nazinoarteari begirako liburu-azokea egin gura dogu beti, bertoko zein atzerriko idazleakaz, gai desbardinak jorratuz: poesia, nobelea, haur eta gazte literaturea, komikia... Zentzu horretan, gure apustua zabalagoa da, euskal mundutik harago doa, mundu mailara.

Gerediaga Alkarteak egiten dauen lana aitagarria, eskergarria eta goragarria da, eta ez dira Bilboko azokea eta Durangokoa aurrez aurre jarri behar. Ganera, guk, danetara, hogeta lau liburu azoka egiten doguz Euskal Autonomia Erkidegoan eta, horreetatik bost, euskal liburu eta disko azokak dira.


2.- Teknologia barriek agintzen daben garaiotan, zelakoa izaten da jentearen erantzuna?

Liburu azokak, urteen porasuz, oinarritu egin dira herrietan. Herritarrek urteroko zita moduan hartzen dabe, hamasei, hamazortzi, hogei urteko ekimenak diralako. Ondarrutarrek, kasurako, badakie garagarrilean azokea izango dabela, baita lekeitiarrek be, San Inazio bueltan egongo dala. Azoka horreetara publiko ugari hurreratzen da, kostaldeko herrietan udan jente asko batzen dalako, Zarautzen, Hondarribin... Herri horreek, udan, asko hazten dira eta erantzuna bikaina izaten da. Eta neguan, Bermeon, Laudion edota Mungian egiten diran azokatan be, erantzun ona izaten da, herritarrek beste kultur ekintza bat legez hartzen dabelako azokea. Horren probarik nagusiena beti da urtero egiten dirala eta hori erantzuna dagoalako da. Azken batean, antolakuntzakook kulturea egiten dogu baina enpresa pribaduakaz -Txalaparta, Erein, Elkar...- eta enpresa pribaduentzat, azken batean, azokatara joatea gastu bat da eta meredizuko ez baleu, ez litzatekez joango.


3.- Beraz, negozioa egiteko be balio dabe...

Ez. Liburuaren munduak, gure ustez, gauza on bat dauka: prezio finkoa. Denda txiki batean zein denda handi batean, liburua prezio berean topauko dozu. Hortik, liburu saltzaileak, % 30eko etekina izaten dau. Guk, azokan, gehienetan % 10eko beherapena egitera behartzen doguz. Beraz, pentsau 10 euroko liburu batetatik zenbat geratzen jakon saltzaileari ze herririk herri joan behar da, stand-aren alokairua ordaindu behar dau... Ez dago etekin garbi lar, baina bai kulturea eta negozioa buztartzeko gogoa; nik uste dot Durangon be antzeko zeozer pasetan dala eta askotan garrantzitsuagoa da daukaguna kalera ataratea. Gure kasuan, kulturea etekin ekonomikoa baino garrantzitsuagoa da. Antolatzaileok gurago dogu enpresariek azokatan etekinak ataratea, pozago egongo litzatekezalako. Halanda be, esfortzua egiteko prest dagoz eta, batetik eta bestetik, urtea aurrera ataraten dabe.


4.- Zein da aurtengo edizinoan nabarmendu zeinken ekimena?

Nik 20 urte daroadaz azokak egiten eta mundu osoko hainbat idazle ezagutu izan dodaz. Horreetatik, akaso, oraintsu hil dan Mario Benedetti aitatu behar dot eta, aurten, Bilboko azokan, omenaldia egingo deutsagu. Orain dala hamabi urte egon zan gure artean eta gogoratzen naz zelan ordu erdi batez berbetan egon ginala eta alkarrizketa ha barruraino ailegau jatan, nahiko ikututa geratu nintzan. Idazle ona zan, baina gizon hobea, parebakoa. Idazleen artean, danetarik dago baina batzuek ikutu eta hunkitu egiten zaitue eta, nire kasuan, Benedettigaz horrelako sentimentu berezia daukat.


5.- Zelan dago, egun, euskal literaturearen osasuna?

Sortzaile aldetik, oso ondo. Merkatuak zelan erantzuten dauen... hori beste gauza bat da. Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Katixa Agirre... danak dira gazteak, eta oso-oso onak. Belaunaldi-aldaketea dagoala igarten da eta euskal idazle gazteak oso onak dira. Irakurle gazteek bai jarraitzen ditue euskal idazle gazteen lanak eta hori pozgarria da. Kirmen Uribek Bilbao-New York-Bilbao liburuaren 9.000 ale saldu izana oso barri ona da.

Produkzino aldetik euskal literaturea oso ondo dabil eta maila aldetik be bai. Baina kritika aldetik... txarto, ez da bape erraza lagun bati kritikea egitea ze liburua idaztea, berez, lan handia da gero akatsak topetan ibilteko. Paper zuri baten aurrean jarri eta idazten hasteak errespetu osoa merezidu dau, baina uste dot Euskal Autonomia Erkidegoaren produkzinoaren ia erdia euskeraz izatea garrantzitsua dala.


6.- Erakundeek hainbat ekimen egiten ditue irakurzaletasuna sustatzeko. Nahikoa dirala uste dozu? Gero, azoketan, igarten da kanpaina horreen eraginik?

Gehiago egin beharko litzatekez, gitxi egiten dira. Beste herrialde batzuek askozaz diru gehiago gastetan dabe irakurketearen sustapenean eta hori, azken batean, erronka bat da eta guk horretan hutsune bat daukagu, ez ez dalako egiten, gehiago egin behar diralako baino, batez be kultura aldetik. Zergaitik Pirritx eta Porrotxek eta Txirri Mirri eta Txiribitonek saltzen dabe horrenbeste? Umeak eurakaz identifiketan diralako.


7.- Aurten, danon ahotan dabilen krisiaren eragina igarriko dala uste dozu.

Liburuaren munduan ez da horrenbeste igarten krisia, zeozer bai, baina asko ez. Liburu-zaleak beti daukaz 10 edo 15 euro libururen bat erosteko. Ikusten da, ganera, irakurleak gero eta gehiago irakurten dauela. Zentzu horretan, bai igarten da boltsiloko liburu gehiago saltzen dirala baina uste dot hemengo jenteari gehiago gustetan jakola liburu ona, mardula, ondo egindakoa eta ederra. Orduan, igarriko ete da krisia? Bada, arlo guztietan legez, bai. Baina Gabonetan, berbarako, liburu-salmenteak gora egin eban. Azokan, barrikuntza asko dagoz, tarteka idazleak eurak be egongo dira eta uste dot erantzun ona izango dauela.

Jenteari ez jako eskatu behar derrigor erostea. Gure herrietan liburutegi oso onak dagoz, mailegu-sistema bikainagaz. Helburua jenteak irakurtea da; erosten badau eta merkadua manteniduten badau, primeran; baina guk gura doguna jenteak irakurtea da. Horretarako, Jaurlaritzeak, Aldundiek eta Udalek liburutegiak mantentzeko egiten daben esfortzua eskergarria da, batez be herritxuetako liburutegi txikiak mantentzen. Zoritxarrez, kultur sare hori murrizten doa, krisiagaz eta beste arazo batzuekaz asko zarratu egin behar dituelako. Baina horreek dira mantenidu beharrekoak.


8.- Etorkizunean, uste dozu teknologia barriek erabat baztertuko dabela liburugintza tradizionala?

Ez. Azokan, horrelako liburu barriak be egongo dira ikusgai eta lagundu be egiten dabela esango neuke. Irakurleari liburua eskuartean eukitea gustetan jako, ikutzea. Liburu bat pantaila baten aurrean irakurtea... ez dakit, ba! Batzuek, ikusmen-arazoak dirala tarteko, eta liburu digitalek letra handitzeko aukerea emoten daben legez, ba bai animetan dira, baina ez dira asko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu