'Pribatutik publikora', bagilaren 26tik aurrera Guggenheimen

Bizkaie! 2009-06-01 17:38   Kulturea

Bagilaren 26tik 2010eko urtarrilaren 10era, Solomon R. Foundationek antolatutako 'Pribatutik publikora: Guggenheimeko bildumak' erakusketeak hiru hamarkadatan etorkizuneko artea jaso ebenei buruzko paralelismoa egingo dau, ehun obra ingurugaz.

Guggenheim Bilbao Museoak 'Pribatutik publikora: Guggenheimeko bildumak' erakusketea zabalduko dau datorren bagilaren 26an. Solomon R. Guggenheim Foundationeko Bilduma Iraunkorren jatorria aztertzen dauen lan sorta da, hain zuzen, fundazinoaren garapena ulertzeko ezinbestekoak diran hainbat bilduma pribatugaz osotua dagoana.

New Yorkeko Guggenheim Museoak 50 urte beteko ditu aurten, eta Guggenehim Bilbao Museoak omenaldia eskaini gura deutso urtemugearen harira. Horretarako, aitatu erakusketea eta 2009ko urrian zabalduko daben Solomon R. Guggenheim Foundationen egoitzearen egile Frank Lloyd Wright arkitektoari eskainitako bilduma bat antolatu ditue.

Bagilaren 26tik 2010eko urtarrilaren 10era, Solomon R. Foundationek antolatutako 'Pribatutik publikora: Guggenheimeko bildumak' erakusketeak hiru hamarkadatan etorkizuneko artea jaso ebenei buruzko paralelismoa egingo dau, ehun obra ingurugaz.

Erakusketa honek Solomon R. Guggenheim Fundazinoaren Bildumaren historia azaltzen dau eta funtsezko artelanak batzen ditu, XIX. mendeko pinturak zein 1990eko hamarkadako instalazinoak.

1937an, Solomon R. Guggenheim Museum-aren sortze-bildumea hasi zanetik, hainbat eskaintzaren eta dohaintzaren bidez, Guggenheim Bildumek 'etorkizuneko artea' batzen eta sustatzen jarraitu dabe.

Tracey Bashkoff eta Megan Fontella komisarioen erakusketeak XIX. mende amaierako eta XX.eko abangoardiaren parebako begiradea eskainiko dau, baita arte garaikidearena be. Horretarako, honako artisten obrak batuko ditu: Vincent Van Gogh, Paul Cézanne, Pablo Picasso, Juan Gris, Vasily Kandinsky, Marc Chagall, Paul Klee, Alexander Calder, Jackson Pollock, Sophie Calle, Jac Leirner, Hiroshi Sugimoto, eta Jane eta Louise Wilson artistenak.

Bildumeak arte modernoaren jatorriari eta XXI. menderako trantsizinoari buruzko irakurketa interesgarria eskaini nahi deutso bisitariari. Museoko lehen pisuko hiru areto klasikoek erakusketako zazpi bildumetatik seiren ibilbidea hartuko dabe (Solomon R. Guggenheim, Justin K.Thannhauser, Hilla Rebay, Katherine S. Dreier, Peggy Guggenheim eta Karl Nierendorf). Margoak, eskulturak eta beste hainbat lan ikusi ahal izango dira. Erakusketea osotzeko, 30 lan inguru (bideoa, arte kontzeptuala, argazkiak) gehiago bisitau ahal izango dira, 2001ean Bohen Fundazinoak Solomon R. Foundationi itxitakoak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu