'Herria' astekaria omenduko dau Sarako Biltzarrak

Bizkaie! 2009-04-07 18:38

Sarako (Lapurdi) XVI. Idazleen Biltzarra izango da apirilaren 13an, urtero legez, Pazko astelehenean. Aurten, 65 urte bete eta 3.000. zenbakia argitaratu dituan Herria astekaria omentzea erabagi dabe sari berezia emonaz. Sarako Biltzarraren antolatzaileei ezinbestekoa iruditu jake astekariaren lan parebakoa eta baliotsua baloretea

Sarako (Lapurdi) XVI. Idazleen Biltzarra izango da apirilaren 13an, urtero legez, Pazko astelehenean. Aurtengo abenduan, 65 urte bete eta 3.000. zenbakia argitaratu dituan Herria astekaria omentzea erabagi dabe sari berezia emonaz. Sarako Biltzarraren antolatzaileei ezinbestekoa iruditu jake astekariaren lan parebakoa eta baliotsua baloretea, Daniel Landart Euskal Kultur Erakundeko zuzendariordearen berbetan. Sarako Turismo Bulegoa laguntzen dau EKEk biltzarraren antolakuntzan. Sariaz aparte, ganerakoan, idazle eta irakurleen arteko zuzeneko hartu-emonak sendotzeko helburua dauka biltzarrak. Honezkero, 150 autorek beren presentzia ziurtatu dabe.

Euskerazko barrikuntzen artean, Xarles Bidegainen 'Laminosine' ipuin bildumea (Elkar) dago. Euskal Herrian zehar jasotako 80 ipuin batu ditu. Antton Lukuren 'Euskal kultura?' saiakerea be (Pamiela) Saran izango da. Angel Aintzibururen Luzaideko kroniken jarraipena be 'Luzaiden gaindi II' (Elkar) Saran izango da labatik atara barri.

Maiatz argitaletxeak hiru liburu barri eroango ditu. Lehenengoa, zazpi liburuk osotuko daben bildumearen lehenengoa izango dana, Eñaut Etxamendiren laupabost ele labur batzen dituan Idazlanen bilduma I.

Bigarrenak Xabaltx kantariaren diskoetako kantuen berbak batuko ditu. Tartean, datorren irailean kaleratuko dauen diskokoak. Haren ibilbidea gogorarazoko dauen alkarrizketea gehitu deutsie guztiari. Azken argitalpena 'Ametsa' da, Odon Nobliaren olerki ilustratuak. Horreez gan, Maiatz aldizkariaren 48. zenbakia prest daukie. Mahmoud Darwich (1941-2008) idazle palestinarrari eskainia dabe alea, eta Koldo Izagirrek eta Itxaro Bordak egindako itzulpenak batu ditu, besteak beste.

Barrikuntzakaz jarraituz, Jean Etxepare gazteak (1937-1961) 1958an idatzitako 'Iturralde' eleberria, Euskaltzaleen Biltzarrak argitaratu barri dauena azpimarra daiteke. Ikasek 'Pello eta otsoa' Sergei Prokofieven ipuin musikatuaren euskerazko bertsinoa ekarriko dau.

Xabier Soubeletek aurkezpen nabarmenagoa egingo dau bere 'Bizil eta oldar' olerki bildumaz (Hiria) eta 'Izotzetik izanera' saio poetikoaz (Elkar).

Euskaltzaindiaren argitalpenek be izango dabe euren tartea; hiru liburu aurkeztuko ditu euskerearen akademiak: Gratien Adema Zaldubi-ren 'Artzain Beltxaren neurtitzak', Henri Duhauk paratua; Txomin Peillenen 'Bizitzaren Hiztegiaz' eta Jean-Louis Davanten 'Zuberoako Literatura. Antologia laburra'. Hiru liburuak Euskaltzaindiaren 'Euskaltzainak' izeneko bildumako liburuak dira. Horrezaz gan, 'Bazterrez' Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren sarrera-berbaldia jasoten dauen 'Euskera' agerkariaren separata be aurkeztuko da Saran. Honen guztiaren aurkezpena apirilaren 13ko 11:30etan izango da eta Andres Urrutia, Henri Duhau, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxak egingo dabe berba.

Bestalde, Euskaltzaindiak antolatutako 'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' erakusketea ikusgai izango da kiroldegian bertan, egun osoan zehar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu