Oihane Perearentzat txapela Arabako Bertsolari Txapelketan
2009-04-06 10:30 BertsolaritzeaOihane Perea aguraindarrak 609,5 puntu eskuratu ditu eta Asier Otamendi bigarren sailkatu da 588 puntugaz; biek parte hartuko dabe udagoienean hasiko dan Euskal Herriko Txapelketa Nagusian.
Arratsaldeko bostetarako Printzipal Antzokia jentez ganezk egoan. Pankartak edonon, eta giroa gori. Lehia parekatua aurreikusten zan baina sorpresak be izan dau lekua: aurten inoiz baino arabar gehiagok jarraitu dabe txapelketea kanporaketatik finalera arte. Idoia Beitiaren agindupean kantau eben finalean Ricardo Gonzalez de Durana, Asier OTamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre eta Juan Mari Juaristik. Saio borobila egin eben guztiek, inoiz baino freskotasun handiagoagaz.
Finalak bi fase izan zituan. Lehenengoan zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso ofiziotan bota behar izan zituen. Bakarkako ariketea, barriz, puntuari erantzuna eta gaiari bina bertso kantetea izan zan. Buruz burukoan seiko motzean eta gaiari hiru bertso abestea euken eginbeharra.
Zortziko handian, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre bikote baten azalean jarri zituen. Ume baten esperoan bost izango zituela esan barri eutsen medikuak. Pereak holan ekin eutson: 'baina bost ume ta bi bular, hori posible ote da?/norabaitera joan beharko dugu donante bat eskatzera'. Viñasprek, barriz, holan erantzun eutson: 'argi esango dizut oihane zuk ulertzeko bezela/gaurtik aurrera etxe honetan sei ume izango garela'. Rikardo eta Asier bi arrantzale jubilau barriren azalean jarri zituen eta Manex eta Juanmari ospitaleko umeei irribarre bat atara asmoz joandako pailazoetan.
Zortziko txikian saio polita osotu eben Asier eta Oihanek. Asier Oihaneren eskulturako ikaslea zan eta irakaslearen erakusketa bat ikusten ari zanean bere lan bat topau eban. Juan Mari eta Rikardo hondartzara alkarregaz joandako bi lagun bilakatu ziran eta, azkenik, Iñaki eta Manex, aita semeen papelean jarri zituen. Manex semea, tatuaje bategaz etxeratu barria zan. Hona Iñakiren lehenengo bertsoa: 'Gogorra da bai baina hau ez dugu drama/Ume txiki hau hezitzen hartu dugun lana/damutu behar zaizu Ai manex laztana/Ipurdian pailazo bat egin izana'. Manexen erantzuna, barriz, neurrikoa izan zan: 'Hiru bronka boteak gaur dizkit segido/ tatuaia kentzeko behin eta berriro/ Zuk esan mekauendios bolumena igo/Nik logikoki ez dizut kasurik egingo'.
Puntuari erantzunean bertsozaleari eskainitako ale dotoreak josi zituan aurtengo txapeldunak:
BERTSOAREN MUNDUAN
SARTZEN GARENEAN
Hainbeste jende dugu
Gure oroimenean
Gaur ia zazpirehun
Igota trenean
Mila izango gara
Etorkizunean
GAIJARTZAILE, EPAILE
ETA BERTSOLARI
Eta zenbat entzule
Hor aurrean adi
Bertso eskolara etorri
Ez ibili nagi
Ta bertso gehio eman
Etorkizunari
Txapeldunordea fin ibili zan hamarreko txikian Manex Agirre aramaioarragaz ofizioa bikain osotuz. Gaiak holan inoan, Asier ejerzitora derrigortuta joan zan, eta Manex semeak borondatez ejerzitoan izena emon nahi dauela adierazo euston.
Asier
Inbidia eman nizun
Gainera egitan
Ezkutatzeko asmoa
Izan dut sarritan
Ze gaizki pasa nuen
Garai aspalditan
Hori ikusiz disdira
Daukazu begitan
Jantzi zenezakeen
Baina inauteritan
Manex
JA JA inauteritan
Ba nik ez dut uste
Etxean pasa ditut
Hamaikatxo urte
Diodana serio
Hartu behar zenuke
Fusila ta bandera
Musukatzean truke
Zu bezela gizon bat
Izan nahiko nuke
Asier
Izan zaitez ba gizon
Har zazu tamaina
Eta etxetik urrun
Zoaz alajaina
Igual afganistanen
Zuk egin azaña
Jarri trajea eta
Esan bibaespaña
Baina oroitu etxean
Ni naiz kapitaina
Manex
Hau kapitain pilotu
Ohorez bustia
Bere menpe daukana
Gaur etxe guztia
Militarra izan nahi dut
Dut erabakia
Sobran daude hainbeste
Broma ta aitzakia
Gainera ondo datorkit
Kolore kakia
Bakarkako lana erregular joan zan. Danek itxi eben ale gogoangarriren bat, baina bigarren fasera iges egiteko txartela bik baino ez eben lortu: Asier Otamendi eta Oihane Pereak.
Bigarren fasean beraz, seiko motzean ibili ziran hamabost urteko bi gazteren azaletik. Alkarri askotan begiratu baina sekula berba egin bakoak zirala eta, Oihane Asierri berba egitera hurreratu jakon. Saio umoretsu eta bizia egin eben biek. Lehia estua egoan eta bakarkakoan erabagi zan txapelduna. Gaiak holan inoan: Egunkariko notizia hori behin eta barriro irakurri dozu. Oraindino ez dozu guztiz sinistu. Otamendik egindako ezusteko potoak amaierako puntuazinoan eragin eutson. Halan da guztiz be, maisutasuna erakutsiz Iruña Veleiako aurkikuntzearen pare jarri eban arabako txapelaren aurkikuntza barria. Oihane Pereak, ostera, emakumearen zapalkuntzea izan eban aldarri:
Martxoak 28,
Ta egunkarian barrena
Titular triste bat dago
Guztiz hunkitu nauena
Norbaitek gaur aurkitu du
Bere bidearen azkena
Emakume izatearren
Hori da gure kondena
Bakarren batek barruan
Eduki arren problema
Guztiak sentitu ditut
Mina, amorrua ta pena
Egunero gertatzen da
Holako hainbat istori
Gizontasunak ez dauka
Antza hainbat kategori
Behin eta berriro gara
Zulo berean erori
Eta gure askatasuna
Galtzear edo galzori
Genero indarkeria
Bakar bakarrik da hori
Harropuzkeri galanta
Maitasunaren hilobi.
Ta gasteizen gertatu da
Hemen bertan halafede
Batzuek pentsatzen dute
Direla etxeko errege
Eta alper alperrik dira
Polizia eta lege
Bilakatu nahi gaituzte
Haien panpin ta titere
Aholkutxo bat badaukat
Ta egin nahi nuke nere
Ez dezagu permititu
Hitz zakar bat bera ere
Honenbestez sustraiak errotuz kimuak loratu dira. Arabako bertsolari txapelketeak datorren urtean be izango dau zer esan eta emona.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!