Pakea Bizkaia Txikik neguko txapelketea irabazi dau Abrako uretan

Bizkaie! 2009-03-24 14:10

Peru Múgica patroi dauen Pakea Bizkaia Txikik Unai Basurko eta Pakea Bizkaiaren berme eta laguntzinoagaz, estropada garrantzitsua irabazi dau Abran.

Peru Múgica patroi dauen Pakea Bizkaia Txikik Unai Basurko eta Pakea Bizkaiaren berme eta laguntzinoa dauka. Basurkok eta bere taldeak belak, material teknikoa, erropea eta bestelakoak eskaintzen deutsiez tripulazinoari. Basurkok eta talde osoak estropaden mundu edegi eta herritar hau momentu guztian babestu dabela dino Peru Múgicak, eta horregaitik lehiaketa amateur honetan ontzi bat sartzea erabagi dabela.

'Unai aspalditik ezagutzen dot, txikiak ginala alkarregaz asko nabigau gendualako. Bera, bela ozeaniarrera dedikau da itsasoko baloreak jenteari hurreratzen deutsozan proiektu profesional bategaz. Guk laguntzinoa eskatu geuntsan J80 gure proiektuarentzat eta Pakea Bizkaia taldeari mota honetako proiektu batek eurenagaz bat etorrela iruditu jakon eta, beraz, ez eben zalantzarik izan guri laguntzeko momentuan', azaldu dau Múgicak.

Pakea Bizkaia Txiki lako monotipoek ospe handia lortu dabe azken urteotan, erabileran daben aldakortasuna, segurtasuna, arrazoizko prezioa eta materialetan daben mugakaitik gehienbat (berbarako, urtean bela joko bat bakarrik erostea).

Bizkaian 16 unidadeko ontziteria dago dagoeneko eta 2007an Bizkaiko uriburuan sortutako J80 Alkarteari esker handiagotzen jarraitzen dau; 'adiskidetasun handia dago tripulazino guztien artean eta gure artean laguntzen gara gure ezaguera tekniko guztiak partekatzen. Honek azkar eboluzionetan laguntzen deusku, eta gainera, emozinoa eta lehiakortasuna gehitzen ari da estropadetan' adierazo dau Múgicak.

Pasa dan martiaren 8an amaitu zan Neguko Txapelketearen kasua da hau; 'azken momentura arte ez genkian nork irabaziko eban. Guk, lehenengo eguna oso txarra izan genduan, baina txapelketan burubelarri sartzea lortu genduan, mantso, konstantziagaz eta akatsik egin barik. Monotipoen lehiaketan lehenengo postuetan egotea sailkapenetan beti lehenengo heltzea baino garrantzitsuagoa da' azaldu dau Pakea Bizkaia Txikiko patroiak.

Garaipen honen ondoren, belaontziaren hurrengo helburuak, dagoeneko Abrako uretan ospatzen ari dan Udabarriko Txapelketaz gan, Espainiako eta Munduko Txapelketak izango dira. 'Espainiako Txapelketea oso froga ona izango da, 55 ontzi baino gehiago egongo baitira, azken urteotako txapeldun eta txapeldunordeak tarteko. Munduko Txapelketan, barriz, 120 ontzik hartuko dabe parte eta maila oso handia izango da' esan dau Múgicak. Kontuak kontu, '40 lehenengoen artean amaitzea posible izango dala uste dot eta 20 lehenengoen artean amaitzen badogu arrakasta handia izango litzateke', dino Múgicak.

Lehiaketa honeen ostean, Múgicak ez dau baztertu estropada garrantzitsu batean parte hartzea, 'baina ez neuke bakarrik egingo, honek ez deust inoiz bereziki erakarri eta ez daukat behar dan esperientziarik. Vendée Globe estropadea jarraitu dot, baita Unai Basurkoren parte-hartzea be, eta bizi-esperientzia bat dala pentsetan dot, ez dago edozeinen eskura' ziurtatu dau Pakea Bizkaia Txikiko patroiak. Itsasoa asko gustetan jako Peru Múgicari eta Unai Basurkoren Pakea Bizkaia proiektuaren baloreak be defendiduten ditu. 'Nire ustez, bela naturaren kultura bat lakoa da. Beti ikasten zagoz eta itsasoagaz, meteorologiagaz, elementuakaz hartu-emon sendoagoak dozuz. Aurretik izan doguzanetatik ikasten dozu eta norberak be izugarri esperimentetan dau'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu