XIV. Udabarriko Kontzertuek musika klasikoa eroango dabe Getxora datorren astean

Bizkaie! 2009-03-05 10:10   Musikea

Getxoko musika klasikoko zikloa datorren astean helduko da Getxora, martiaren 10etik 14ra, hain zuzen. Ohikoa danez, Udabarriko Kontzertuek musika mota horren aniztasuna eta aberastasuna erakustea dabe helburu nagusi eta aurten talde eta errepertorio zabala preparau dabe antolatzaileek.

Getxoko musika klasikoko zikloa datorren astean helduko da Getxora, martiaren 10etik 14ra, hain zuzen. Ohikoa danez, Udabarriko Kontzertuek musika mota horren aniztasuna eta aberastasuna erakustea dabe helburu nagusi eta aurten talde eta errepertorio zabala preparau dabe antolatzaileek.

Zikloaren 24. ekitaldian, kontzertuak Algortako El Redentor eleizara itzuliko dira, martiaren 14ko saioa izan ezik, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango baita. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera dobakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeko arduradunek jakinarazo dabenez.

Aurten, Madrileko La Capilla Real taldeak hasiko dau zikloa. Ahots eta musika talde madrildarra lan handia egiten ari da sortu zanetik antxinako musikearen arloan eta garaiko musika tresnak erabilten ditu. Getxoko saioan interpretauko dauen egitaraua Monteverdiri dedikauta egongo da.

Bigarren egunean, Iturriaga laukotearen txandea izango da. Hari-instrumentuen taldea eskarmentu handikoa da nazinoartean eta bere errepertorioa oso zabala da. Getxon, Bach, Mozart eta Bartholdyren piezak joko ditue.

Zikloaren erdialdean, martiaren 12an, Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoa jardungo da. Eskarmentu handiko taldea hau be; 1963an eratu zan eta herri kanta klasikoak dira nagusi bere errepertorioan. Piezen moldaketen originaltasuna eta kalidadea taldearen ezaugarri nagusietako bat da.

Biharamunean, Victoria ganbera taldeak hartuko dau lekukoa. Hari-instrumentuen zazpikote errusiarrak errepertorio zabala dauka, Barrokoan hasita eta XX. mendeko hasierako herri klasikoetara arte hain zuzen.

Azkenik, zikloa 'Talentu Barriak' atalagaz amaituko da. Etorkizun handiko musikarien lana bultzatzea bilatzen dau atalak, eta aurten Mario Lerena piano-jotzaile getxotarra izango da protagonista. Bere saioan, musikazaleek Larrañaga, Soler, Egiguren, Debussy, Granados eta Albenizen piezakaz gozetako aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu