Wanted!
2009-02-26 14:24Microsoft enpreseak Wanted kartela jarri dau eta eurak sheriffarena egiten dabe. Diru-sariak be euren boltsikoetatik urtengo dau, 250.000 dolarreko saritxoa (194.000 €). Ederto, baina nor da gaizkilea? Eta bizirik zein hilda eroan behar da?
Arratsalde bero haretan, herrixkako sheriffak mailua hartu eta untzea gogor jo eban egurraren kontra. Danba, danba, danba. Hiru golpe labur baina sendo entzun ondoren, pausu bat atzera egin eban. Izerdia bekokitik eskuaz kenduz, goitik behera eta behetik gora begira, begiak apur bat itxi eta begien inguru guztian tximurrak agertu jakozan.
Buruko txapela ondo imini eguzkitik begiak babesteko eta irribarre antzeko batek urten eutson ezpainen hegaletatik. Bai, han egoan gaizkilearen irudia, Wanted letra potoloen azpian, paperezko irudia ondo inkauta saloon-eko atearen ondoan, bertara sartu eta urtetan eben guztiek ondo ikusteko. Beragaitik eskaintzen zan diru-saria ez zan ez makala, ño! 250.000 dolar, horregaz ondo merezidutako denkantsua lortu eikean edonork. Baserri on bat eta nahikoa ganadu erosteko be. 250.000 dolar. Bizirik zein hilda.
Zenbatetan ikusi doguz holako irudiak hainbat eta hainbat filmetan? Askotan, jakina. Pelikuletako gauzak, sheriffaren keinua, papelean margoztuta dagoan gaizkilearen begirada maltzurra eta diru-sariaren zenbatekoa. Dolarretan.
Antxinako gauzak ete dira edo Hollywooden egindako bakeruen pelikuletan agertzen ziran horreetakoak? Bai zera. Egungo gizarte teknologizau honetan be antzekoak entzuten doguz. Eta hara hemen azkenengoa.
Microsoft enpreseak Wanted kartela jarri dau eta eurak sheriffa-rena egiten dabe. Diru-sariak be euren boltsikoetatik urtengo dau, 250.000 dolarreko saritxoa (194.000 €). Ederto, baina nor da gaizkilea? Eta bizirik zein hilda eroan behar da?
Gaurko gaizkilea ez da ez zaldi-lapurra, edo herriko banketxeko dirua ostu dauena. Ez. Oraingoan, birus sortzailea da. Azken urteotan agertu dan birus kaltegarrienetariko baten egilearen buruaren atzetik egongo gara aurrerantzean. Conficker deitzen da gure lagunak sortu dauen birusa (batzuk Downadup izenez be ezagututen dabe) eta ikaragarrizko kalteak eragin ditu Windows sistema operatiboa erabilten daben bezeroen artean.
Windowsak eukan zulo bat aprobetxauta, Confickera ordenagailuetan sartzen da eta, honezkero, ia 10 miloe ordenagailutara zabaldu da hartxoa. Ez da gauza barria holako zuloak aprobetxetea, baina birus honek antxinako metodoak erabilten ditu beste ordenagailu batzuk kutsatzeko. Ordenagailuak ez dira kutsatzen lehengo disketeak erabilita, baina bai egungo pen-drive izenekoen bitartez (USB memoriak): kutsatutako memoria bat ordenagailura konektetan danean, birusa bertara pasetan da. Eta hortik aurrera poltsiloan eroango dogu birusa beste ordenagailuren batera eroan arte.
Gure firewall eta segurtasun sistema gehienak hankaz gora geratzen dira esku artean daukagun USB memoria hori erabili ezkero. Internet izan da gure bildurrik handiena eta saretik etor daitekezan birusen kontrako sistemak garatu dira, baina USB memoriak erabilten diranean, ekipoek ez dabe izaten horren kontrako babesik. Egon badagoz, baina ez dira erabilten.
Kasu honetan, Windowsen zulo batetatik sartzen zan birusa baina Microsoft enpreseak zulo horrentzako partxe egokia plazaratu eban. Baina partxea iminita euki arren be, kutsatutako pen-drive bat sartu ezkero, akabo gure babesa.
Kalteak nahiko larriak izan daitekezela-eta, Microsoft-ekoek kokoteraino dagozala adierazo deuskue. Hortik dator diru-saria, baina ia nork daroan gaizkilea sheriffaren aurrera.
Bang, bang! Altzau eskuak eta emon bueltea boltsiloari! Eta hurrengoan, adi zer sartzen dozun zure ekipoan!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!