Kontsumitzaileen babesa hobetzeko EKAren proposamenak alderdi politikoei eta hurrengo Eusko Jaurlaritzeari

Eka 2009-02-26 11:26

Martiaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzen daben alderdi politikoei Euskal Erkidegoan kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babesa hobetzeko kontuan izan leikiezan jokabide eta neurri batzuk proposatzen deutsez EKA, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak.

Martiaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzen daben alderdi politikoei Euskal Erkidegoan kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babesa hobetzeko kontuan izan leikiezan jokabide eta neurri batzuk proposatzen deutsez EKAk, hurrengo Eusko Jaurlaritzeak, bere eskumenen barruan, martxan ipini beharko leukezanak, gure eretxiz.


1.- Prezioen Behatokia


Hainbat produktutan bitartekariek eskuratzen dituen irabaziak eskandaluzkoak dira, batez be, elikagaiak lako oinarrizko salgaietan. EHNE sindikatuak dinoanez, nekazal zein abere-produktuen osotasuna hartuta, kontsumitzaileak pagetan dauen preziotik % 70 banatze katearen eskuetan geratzen da eta % 30 baino ez da produktoreentzat. Datorren domekako hauteskundeetatik sortuko dan Eusko Jaurlaritzeari Prezioen Behatokia sortzea eskatzen deutsagu, Administrazinoak gidatuta eta kontsumitzaileen eta bestelako gizarte agenteen parte-hartze zuzenagaz. Behatoki horrek oinarrizko elikagai batzuei produkzinotik salmentaraino jarraipen zorrotza egingo leuskie kate osoan prezioak zenbat eta zergaitik karututen diran jakiteko; eta gehiegizko edo iruzurrezko merkatal ekintzak eta jokaerak ebitetako eskuhartze eta zigorrak ezartzeko gaitasuna izan beharko leuke. Miatutako salgaiek prezio bikotxeko etiketea azaldu beharko leukie: kontsumitzaileak pagau beharrekoa eta produktoreak kobratutakoa.


2.- Kontsumitzaileen Kontsulta-Kontseilua

Beharrezkoa joten dogu Kontsumitzaileen Kontsulta-Kontseilua eratzea Euskal Erkidegoan (Estadu mailan dagoan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluaren antzekoa), erakunde egonkor bat zeinen eretxia botere publikoek eskatu eta kontuan izango daben kontsumoaren inguruko legeak, aldaketak eta politikak erabagiterakoan. Administrazinoek ezartzen dituen neurriek gizarte zibilaren parte-hartze eta adostasunik handiena izan daien lagunduko leuke Kontseilu honek.


3.- Gehiegizko zorpeketea daben familiei laguntza zuzenak

Gero eta gehiago dira krisialdiak egoera larrian ipini dituan familiak. Hurrengo Eusko Jaurlaritzeari eskatzen deutsagu gehiegizko zorpeketea sufriduten daben persona eta familientzat laguntza zerbitzu bat sortu (aholkularitzea, bezeroen eta banketxeen arteko bitartekaritzea...) eta aurrekontu berezi bat ezar daiala hipoteka ezin pageteagaitik etxebizitza galtzeko arriskuan dagozan herritarrei preminazko diru-laguntzinoak emon ahal izateko.


4.- Salaketa gehien jasoten dituen arloetako enpresei zigor handiagoak

Erabiltzaileen kexen zerrendatan telefonia eta Interneteko enpresak jaun eta jabe doguz, merkatu osoan jasoten diran erreklamazino guztien % 30 batzen dabelarik. Bigarren postuan hegazkin konpainiak dagoz. Arlo bietan, kontsumitzaileen kontrako gehiegikeriak sistematikoak dira, eta horreen egileak irabazi izugarriak lortzen dituen enpresa handiak dira. Laster eratuko dan Eusko Jaurlaritza barriko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari arlo horreetako enpreseen gaineko jagoletza areagotzea eta noizean behin ipinten deutsezan isunak gogortzea eskatzen deutsagu, gaur egungoak oso arinak begitantzen jakuzalako konpainia horreen boterea eta etekin ederrak emon behar deutsezan trikimailu eta iruzurrakaz daben ohiturea kontuan izanda. Isunen gogortze hau kontsumitzaileei kalte ekonomiko handiak sortu ohi deutsezan etxebizitza eta automobilen arloetara be zabaldu beharko litzateke gure ustez.


5.- Oinarrizko hornidurak, Kontsumoko Arbitrajera

Enpresen eta kontsumitzaileen arteko auziak konpontzeko bide estrajudiziala dan Kontsumoko Arbitrajea oso tresna baliagarria da, azkarra, dobakoa, inpartziala eta eraginkorra. Baina Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordera joatea eta haren epaiketa eta epaiak onartzea borondatezkoa da enpresentzat. Beraz, Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordean atxikitako 12.400 enpresen artean ez dagoz oinarrizko horniduretako konpainia handiak: elektrizidadea, gasa, ura... EKA-k beharrezkotzat joten dau enpresa horreek Arbitrajean egotea eta holan izan daiten bere esku dagoana egin daiala eskatzen deutsagu hurrengo Jaurlaritzeari.


6. Bezeroentzako arreta zerbitzuen hobekuntzea

Datorren Eusko Jaurlaritzeari eskatzen deutsagu bere esku dagozan neurriak hartu daizala enpresa guztiek, eta batez be, ehundaka mila edo miloeka bezero dituen konpainia handiek (elektrikoak, gasekoak, telefonikoak, hegazkin enpresak...), euren bezeroentzako arreta zerbitzuak hobetu daiezan. Kontsumitzaileen kexa guztien ehuneko handi bat sortzen da, hain zuzen, holako konpainien arreta zerbitzu penagarrietan, eguneroko jardueran zein, are gehiago, egoera berezietan: haizeek eragindako argindarraren mozketak, uriolak, grebak edo elurteak dirala eta aireportuetako kolapsoak, argindarraren fakturetan aldaketak diranean... Onartezina begitantzen jaku arreta 'birtuala' (erantzungailu telefonikoak, Internet...) inposatzea bakarra bezela. Bezeroak kalidadezko arreta personalerako eskubidea dauka. Eta enpresek emoten ez badabe, botere publikoek hori beteten behartu beharko leukiez enpresak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu