Eusko Jaurlaritzeak Euskaldunon Egunkariaren auzibidea zarratzeko eskatu dau

Bizkaie! 2009-02-20 12:17

Euskaldunon Egunkariaren auzia herri demokratiko batean inoiz gertatu behar ez zan jokamoldearen adierazpen garbia da. 'Itxiera prebentiboak bultzada politikoa izan eban oinarrian, Gobernuak fiskaltzaren bitartez eragin leiken baino indar handiagokoa eta oinarririk bakoa, akusazino hutsetan oinarritutako epairik bako kondena'.

Sei urte bete dira gaur, itxiera prebentibo baten bitartez, Euskaldunon Egunkariaren jarduna eten ebenetik, eta Eusko Jaurlaritzeak orduan gertatutakoa beste behin salatu eta egunkariaren eta bere arduradunen kontra hasitako auzibidea zarratzea eskatu dau Gobernu Kontseiluak onarturiko eta gaur plazaraturiko adierazpen batean.

Euskaldunon Egunkariaren auzia herri demokratiko batean inoiz gertatu behar ez zan jokamoldearen adierazpen garbia da. 'Itxiera prebentiboak bultzada politikoa izan eban oinarrian, Gobernuak fiskaltzaren bitartez eragin leiken baino indar handiagokoa eta oinarririk bakoa, akusazino hutsetan oinarritutako epairik bako kondena', kritikatu dau Jaurlaritzeak.

Jaurlaritzearen eretxiz, 'justiziaz kanpoko aurreretxiakaz jokatu zan, eta ez bakarrik personen kontra, baita egunkari baten kontra be, hasieratik erruduntzat joz'.

Eusko Jaurlaritzeak salatu dau Euskaldunon Egunkariaren behin behineko itxierearen bitartez, hedabide oso bat erruduntzat jo zala, nahiz eta herri demokratikoetan prentsaren kontrako edozein auzibideri ekiteko froga sendoak eta epai eta erabagi finkoak ezinbestekoak izan.

'Begi bistakoa da, hemen, hedabide baten kontra ekiteko ez zala Espainiako Konstituzinoak aurreikusten dauen bidea erabili; are gehiago, itxierea terrorismoari laguntza emotearen lauso legalaren ataxakiagaz gauzatu zan', nabarmendu dau.

Modu honetan, aginte judizialari zor jakon errespetu osotik, Euskaldunon Egunkariaren kontra zabaldutako auzibidea bertan behera ixtea eta artxibetea eskatu dau beste behin Jaurlaritzeak, izan be, 'bertan behera ixte horrek, legearen aplikazino zuzena izateaz gain, inoiz gertatu behar ez zan bultzada politiko baten ondorioz zabaldutako auzia zuzentzea ekarriko leuke', ziurtatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu