Euskalduna Jauregia musika klasikoz jantziko da 'Bach is back' jaialdiagaz
2009-02-11 14:38 MusikeaMartiko bigarren asteburuan, 5etik 8ra bitartean, Bilboko Euskalduna Jaialdian zortzigarren 'Musika-Música' jaialdia egingo da, Johann Sebastian Bach konpositore alemaniarra oinarritzat dauen 'Bach is back' egitarauagaz. Aurten, Bilbao 700 Fundazinoak antolatuta eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, 67 kontzertuz eta nazinoarteko 500 bat artistaz osotutako egitarau zabala eskainiko da.
Martiko bigarren asteburuan, 5etik 8ra bitartean, Bilboko Euskalduna Jaialdian zortzigarren 'Musika-Música' jaialdia egingo da, Johann Sebastian Bach konpositore alemaniarra oinarritzat dauen 'Bach is back' egitarauagaz. Aurten, Bilbao 700 Fundazinoak antolatuta eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, 67 kontzertuz eta nazinoarteko 500 bat artistaz osotutako egitarau zabala eskainiko da. Hiru erakunde horreetako ordezkariak izan dira aurkezpen-prentsaurrekoan: Begoña Salinas Bilbao 700 Fundazinoko presidentea; Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia; eta Jon Iñaki Zarraga, BFAko Kultura zuzendaria.
'Musika-Música' jaialdiak Europako orkestra eta talde nagusienak hautatu ditu Bachen obrak interpretetako, batez be Alemaniakoak, musikariaren jaioterrikoak: Concerto Köln, Akademie für Alte Musik Berlin, Das Neue Orchester, Sinfonia Varsovia, Ensamble Vocal et Instrumental de Lausanne edota Capella Amsterdam, besteak beste. Zuzendariei jagokenez, Jean-Jacques Kantorow, Michel Corboz, Christoph Spering eta Daniel Reuss izango dira Bilbon. Tartean, zelan ez, bertoko taldeak be izango dira: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Paul Danielen gidaritzapean, eta Bilboko Abesbatza izango dira euskal ordezkari profesional batzuk. Ahots-musikeari jagokonez, Carlos Mena, Christophe Einhorno, Andreas Karasiak edota Jon Etxabe-Arzuaga tenoreen ahotsez gozau ahal izango da; sopranoen artean, barriz, Charlotte Müller, Sylvie Wermeille, Anna Korondi, Olatz Saitua edota Cëline Scheen egongo dira.
Profesionalak eta ikasleak alkarlanean
Halanda be, entzute handiko musikarien eta etorkizun oparoa daben kontserbatorioetako eta musika-eskoletako gazteen arteko buztarketea be eskainiko deusku 'Musika-Música' jaialdiak. Edizino barri bakotxagaz batera, jaialdian parte hartu gura daben kontserbatorioen eskaera-kopuruak gora egin dau nabarmen. Eskaera horreek bertoko kontserbatorioetatik eta baita inguruko lurraldeetatik be bialtzen ditue (Nafarroa, Asturias, Errioxa, Kantabria...). Aurtengo jaialdian, danetara 14 kontserbatoriok parte hartuko dabe. 'Ikasleentzat, ikasteko aukera bat da, baita esperientzia parebakoa be', azaldu dau Salinasek. Aukera horri esker, 'gazte horreek musikearen munduan euren eredu diranakaz lotura zuzena izango dabe jaialdiak irauten dauen bitartean'.
Emonaldiak ikusteko sarrerak BBKren orotarako kutxazainetan, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan edota Zabalguneko Eraikinean eros daitekez; danetariko prezioak dagoz, 5 euroan hasi eta 18 eurora arte.
Ikastetxeetako ikasleen antzerkia
Jaialdiaren zutabe pedagogikoagaz eta dibulgatzaileagaz bat etorrita, bigarren urtez, eskola-umeei zein Bizkaiko musika-zentroetako ikasleei zuzendutako antzerki-emonaldien egitaraua antolatu dau. Ekimen horren helburua txikienak musika klasikoko konpositore handienen bizitzea eta obrea modu erraz batean ulertzea da.
Aurten, 'Johann Sebastian zuen izena' izenburupean, aktore biren arteko alkarrizketea izango da entzungai taula ganean; bitartean, Bachen musikea eta haren bizitzea garatu zan sasoiko irudiak jarriko ditue, musikaria eta obrea ezagutarazoteko. Emonaldia euskeraz eta gaztelaniaz egingo da Zabalguneko Eraikinaren atarian, zezeilaren 9tik 13ra eta 16tik 20ra bitarteko asteetan. Danetara, 34 emonaldi egingo dira, egunean bi, goizetan: 10:00etan eta 11:15ean. Ekimenean, Bilboko 25 ikastetxek parte hartuko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!