Bizkaia organo-soinuz jantziko da
2009-02-06 14:23 MusikeaDatorren domekan, zezeilak 8, emongo jako hasierea 'Organo Kontzertuak 2009' zikloari. Danetara, hamaika emonaldi izango dira, zazpi Bilbon -Euskalduna Jauregian- eta lau Bizkaiko beste hainbeste herritan: Ondarroa, Loiu, Turtzioz eta Durango.
Datorren domekan, zezeilak 8, emongo jako hasierea 'Organo Kontzertuak 2009' zikloari. Ekimenaren aurkezpena Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Josune Ariztondok, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari Ana Uriartek eta Leioako Vocalia abesbatzeko zuzendari Basilio Astulezek egin dabe.
Danetara, hamaika emonaldi izango dira, zazpi Bilbon -Euskalduna Jauregian- eta lau Bizkaiko beste hainbeste herritan. 'Beti gura izaten dogu eskualde guztieara ailegau eta honako herri honeetan izango dira kontzertuak: Ondarroa, Loiu, Turtzioz eta Durango', azaldu dau Ariztondok. Euskalduna Jauregiko ekitaldiak domekaz egingo dira, eguerdiko hamabietan; herrietakoak, barriz, zapatuz egingo dira, 20:00etan, lekuan lekuko parrokietan.
Aitatzeko barrikuntzen artean, Euskalduna Jauregiko kontzertuetan izango diran organo-jole danak atzerritarrak izango dirala azpimarratu behar da. Yves Rechsteiner musikariak Genovako konserbatorioan egin zituan ikasketak eta, egun, Lyonen dago musika irakasle lanetan; Vincent Warnier paristarra S. Etienne du Mont eleizako organo-jolea da; Winfried Bönig Coloniako (Alemania) Katedraleko organo-jolea da; Helmut Binder austriarrak be eleizako organo-jolea da. Zikloa bertoko organo-joleek osotuko dabe: Daniel Oyarzabal, Gerardo Rifon, Aitor Olea, Ainhoa Barredo, Loreto Fernandez eta Oscar Candendo. Ganera, organoen soinuak abesbatzez eta bestelako musika-tresnez horniduta egongo dira. Holan, Euskal Herriko Unibersidadeko Abesbatza (Enrique Azurzaren zuzendaritzapean), Leioa Kantika Korala (Basilio Astulez), Mungiako Abesbatza (Angel Enzunza), Durangoko Orfeoia (Mila Milikua), Gaudeamus Korala (Juli Foruria) eta Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa egongo dira tartean, Garbiñe Abendaño, Jaurne Gaminde, Nuria Orbea, Vanesa Goikoetxea eta Ainhoa Zubillaga abeslari bakarlariez gan.
'Zikloaren ezaugarri nagusiak aberastasuna eta aniztasuna dira, estilo desbardinak buztartuko baitira eta, organoez gan, beste hainbat musika baliabide izango diralako entzungai', azaldu dau Astulez zuzendariak.
Euskalduna Jauregiko organoa 'organo sinfonikoa' deritzona da, Euskadiko lehenengo herri organoa. Bizkaiko Orkestra Sinfonikoak organo hori erabiliko dau pieza erlijiosoak joteko, 'bitxia izan arren, ikuskizun zoragarria izango dana, urte amaieran, abenduaren 20an hain zuzen be', azaldu dau Uriarte zuzendariak. 'Guretzat, ziklo honetan parte hartzea ohorea da, orkestrea orain dala 4 urte sortu zalako eta, ekimen honi esker, arloko beste musikariakaz loturea izan geinkelako'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!