'Nömadak Tx Zuzenean' ikuskizunak herrialde ibiltarietako zenbait musikari jarriko ditu taula ganean

Bizkaie! 2009-02-03 14:21   Musikea

Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek 'Nomadak Tx' proiektuan pausu bi gehiago emon eta 'Nomadak Tx Zuzenean' ikuskizunaren barri emon dabe gaur Bilboko Arriaga Antzokian. Bestalde, proiektuaren izen bera daroan diskoa mundu mailan zabalduko dala jakinarazo dabe.

Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek 'Nomadak Tx' proiektuan pausu bi gehiago emon eta 'Nomadak Tx Zuzenean' ikuskizunaren barri emon dabe gaur Bilboko Arriaga Antzokian. Bestalde, proiektuaren izen bera daroan diskoa mundu mailan zabalduko dala jakinarazo dabe.


'Nömadak Tx Zuzenean'

Bilboko antzoki ezaguna aukeratu dabe prentsaurrekorako, bertan izango baita ikuskizunaren estreinaldi ofiziala martiaren 3an 20:00etan, lehenengo emonaldia Donostian egin arren. Txalapartea izango da ikuskizunaren protagonista nagusia eta, ohiko kontzertuetako ezaugarriez gan, ekimenak berezitasun ugari izango ditu.

Munduan ibiltari moduan eta ibiltariakaz luzaroan ibili ostean, barriro be taula ganean joko dabe eta, bertan, ibilbide horretan ezagutu dituen lekuan lekuko hainbat musikari izango ditue lagun. Hain zuzen be, konbidau legez Aziza Brahim saharar abeslaria, Mongoliako 'Saruul' musikaria eta amazigh edo berbere kantari Yamna eta Saida Oinacer ahiztak egongo dira Euskal Herrian lehenengo, eta beste hainbat herrialdetan gero, eskainiko dituen ikuskizunetan. Nazinoarteko musikari horreez gan, Oreka Tx taldea osotzen daben Mixel Ducau, Ritxi Salaberri, Juanjo Otxantorena eta Iñigo Egia musikariek be parte hartuko dabe kontzertuotan.

'Nömadak Tx diskoa egiteko bisitautako herrialdeetatik etorritakoak, oraingoan, gure etxean emongo deutsegu babesa',azpimarratu dau Harkaitz txalapartariak. Ostean, Aziza Brahim musikariak hartu dau berbea: 'musikeari esker, munduko herrialde desbardinetako musikak ikusteko aukerea eskaini deust Oreka Tx-ek eta, lehenagoko musikea zelakoa dan ezagutarazoten dabe, lehenagoko musika horreek barik ez litzatekelako egungo musikarik existiduko'. Diskoan, lekuan lekuko hainbat ibiltarik parte hartu eben baina ezinezkoa da taula ganean danak batzea. Halanda be, teknologia barriek eskaintzen dituen aurrerapausuei esker, ikuskizuna eskainiko daben antzoki edo areto bakotxean pantaila erraldoi bat egongo da eta, bertan, herri nomadetako zenbait musikarik ekarpenak egin ahal izango ditue, zuzenean, kontzertura. Eta, aldi berean, pantaila horrek ikuskizuna hainbat herrialdetan zuzenean ikustea ahalbidetuko dau.

Ganera, txalapartariek Mikel Laboa izango dabe gogoan ikuskizunean eta haren omenezko kanta bat joko dabe.


Datak

Zezeilak 27, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian
Martiak 3: Bilboko Arriaga Antzokian
Martiak 6: Iruñeako Gaiarre Antzokian
Martiak 7: Gasteizko Principal Antzokian
Martiak 14: Donibane Garaziko Herri Antzokian
Martiak 20: Miarritzeko Gare du Midi Antzokian

Kontzertu-bira amaitu ostean, mundu mailan eskainiko dabe ikuskizuna eta, honezkero, hainbat leku zehaztuta ditue, Estadu Batuetan edota Alemanian, kasurako.


Diskoaren mundu mailako banaketa

Oraintsu, Oreka Tx-ek World Village-gaz, Hamonia Mundi banatzaile internazionalaren munduko musiken zigilua, sinatu dau mundu mailan 'Nömadak Tx' diskoa banatzeko. CD horretan batzen dan musikea da aurkeztu barri daben ikuskizunean joten dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu