Bilboko Udalak 'Jarduteko' konbita egin dau 2009rako kultur programazinoaren bidez

Bizkaie! 2009-01-28 10:38

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak kirola metaforatzat erabili dau 2009ko kultur programazinoa aurkezteko. Azken urteotan egin dauen legez, Udaleko Sail honek datozen 12 hileotarako programautako jarduera nagusiak laburbiltzen dituan programea argitaratu dau

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak kirola metaforatzat erabili dau 2009ko kultur programazinoa aurkezteko. Azken urteotan egin dauen legez, Udaleko Sail honek datozen 12 hileotarako programautako jarduera nagusiak laburbiltzen dituan programea argitaratu dau; kasu honetan, 'Bodykultur, praktika ezazu!' lemapean.

Programearen 15.000 ale argitaratu dira euskeraz eta gaztelaniaz, eta horreek guztiak doban banatuko dira barrutietako udaltegietan, udal informazino bulegoetan, liburutegietan, alkarteetan eta gizarte, kultura eta hezkuntza alorreko beste ekipamendu batzuetan. Bilboko Udalak argitaratzen dauen hileroko kultur agendarako harpidetuta dagozanek be doban jasoko dabe etxean, posta bidez.

Programea kirol olinpikoaren logotipo ezagunen irudiaz aurkeztu da, apur bat egokituta, atletismoa pintureagaz, arku-tiroa musikeagaz edota gimnasia antzerkiagaz lotzeko asmoz. Kontuak kontu, urte osorako kultur agenda honek 'buruari eragiteko, gorputza erlaxatzeko, sormena sasoian mantentzeko eta onena emoteko' konbita luzatzen dau.


Kultur jarduerak zazpi atal nagusitan banatuta agiri dira:

- Arte eszenikoak, Bilboko 'Kalealdia', Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, haur-antzerki emonaldiak, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen BAD Jaialdia, Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia, 'Zirkuito'a antzerki programea, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna edota BilbaoEszena antzerki-baliabideen udal zentroan egingo diran jarduerak.
- Folklorea eta ondarea, 'Bilbao Izan' programako jardunaldiak, erakusketak eta bisita gidatuak lako jarduerak batzen dituana, baita kalean eta eskoletan eskainiko diran jantza tradizionaleko emonaldiak, Udabarriko Bertso Saioak jaialdia edota bilbainada lehiaketea be.
- Letrak suspertzea, Bidebarrieta Kulturguneak antolatutako ekintzak, Unamuno, Otero, Aresti eta Angela Figueraren omenezko jardunaldiak, Poesiaren Astea eta Nazinoarteko Eguna, liburu azokak eta Udalak bultzatutako literatur lehiaketak buztartuz.
- Ikus-entzunezkoak, 'Zinebi' eta 'Fant' jaialdiak eta Zinebikluben programazinoa tarteko dirala.
- Musika, Musika-Música jaialdi klasikoa, musika erlijiosoko 'Bilbao Ars Sacrum' jaialdia, Musikearen Europar Eguna, Abesbatzen Emonaldiak, 'Bilbao Distrito Jazz' eta '365 Jazz Bilbao' programa barria hitzordu nagusi dituana.
- Arte bisualak, barrutietan gauzatutako ekimenak, besteak beste, tailerrak, 'Expodistrito' edo 'Distrito Foto'.
- Ezagutzaren Gizartea, Bidebarrieta Zientifikoa, Zientziaren Astea edota Bilbao Arte eta Kultura topaketak batzen dituana.

Kasu guzti-guztietan, ekitaldi bakotxaren data, egoitza edo auzoari buruzko informazinoa zabaltzen da. Horregaz batera, zortzi barrutietako kultur programazino espezifikoaren barri emoten da, bai eta udal liburutegi-sarean antolatutako beste ekimen batzuen barri be, eta Kultura eta Hezkuntza Sailaren argitalpenei buruzko eta dirulaguntzetarako aurrekontu-atal eta ildoei buruzko argibide erabilgarriak be agiri dira

Kulturearen urteko programeak Bizkaiko uriburuko beste alkarte eta erakunde batzuei buruzko jakingarriak be emoten ditu, BilbaoMusika, Arriaga Antzokia, Bilbao Arte eta Bilbao 700 III Millenium fundazinoak edota Urian kokatutako museoak tarteko dirala. Argitalpenak kultureagaz zerikusia daben erakundeen helbide-zerrendea eskaintzen dau, eta horregaz batera, jarduera desbardinei buruzko informazinoa etxean doban jasoteko eskabide-fitxa bat, Kultura 18 txartel barriari buruzko argibideak lortzeko aukerea be emoten dauena. Udal ekimen barri honi esker, adin nagusira heltzen diranek hainbat kultur jarduerez doban gozetako aukerea izango dabe urtebetez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu