Mikel Urdangarinek kontzertu akustikoa eskainiko dau Bilboko Berreginen Museoan

Bizkaie! 2008-12-31 11:40   Musikea

Nika Bitchiashvili bibolinjoleagaz batera Euskal Herrian emongo dauen kontzertu bakarrenetakoa izango da, zapatuan, urtarrilaren 3koa. Arratsaldeko 20:30ean hasiko da eta sarrerak 3 euroan egongo dira salgai Museoan bertan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak urte barriaren etorrerea Mikel Urdangarinen kontzertu bategaz ospatuko dau, zapatu honetan, urtarrilaren 3an. Emonkizuna 20:30ean hasiko da eta sarrerak 3 euroan, Museoan bertan eskuratu ahal izango dira. Leku berezia izanik, Museoaren barruan dagoan Mariaren Bihotza eleizan, 200 personara mugatuko da sarrerea. Kontzertua, antolatu diran umeentzako tailer arrakastatsuakaz eta publiko ororentzat orain daben erakusketara egiten ari diran bisita gidatuakaz batera, gabonetarako programazinoaren barruan kokatzen da.

Mikel Urdangarin (Zornotza, 1971) euskal kantugintzako kantari errekonozituenetakoa da Euskadin zein Euskaditik kanpo. Berreginen Museoan emongo dauen ordu t´erdi inguruko kontzerturako, errepertorio intimista bat aukeratu dau, kanpoan emoten dituan kontzertuetarako aukeratzen dauena normalean, Euskal Herriko ikuslegoa formatu honegaz ez bait dago ohituta. Honenbestez, ohiko taldekidea dan Nika Bitchiashvili bobolinjoleagaz baino ez da agertuko taula gainean eta bere diskografiako ibilbide luzetik hain berezia dan eskenatokirako propio aukeratutako errepertorioa aukeratu dau: ‘Haitzetan’, ‘Badira hiru aste’, ‘Lo’ edo ‘Anek idatzi dit zutaz’ izango dira entzungai besteak beste.

Urdangarinen hainbat kantu memoria kolektibora pasau dira eta askotan entzun ahal izaten dira jendartean abesten kantu herrikoiak bailiran. ‘Haitzetan’ (1997) eta ‘Badira hiru aste’ (1998)tik ‘Espilue’ (2000)ren arrakastaraino, euskal bizimoduko egunerokotasunean agertzen diran gaiak eta tradizinoa bateratzearen gustuan esperimentetan sakondu dau. Bere ahalegin barriztagarriaren adibiderik argiena dogu ‘Zaharregia, txikegia agian’ (2003) liburu-CDa, bere kolaboratzaileakaz, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal eta Kirmen Uribe idazleagaz New Yorkera egindako bidaiaren ondorio bezela; kantuak eta errezitautako olerkiak alkarlotzen diralarik bertan.

Bilboko Artelan Berreginen Museoa 2006ko zemendian berredegi eben Mariaren Bihotza eleiza zaharrean dauen oraingo kokalekuan, eta Bizkaiko uriburuan dagoan museorik zaharrenetakoa da. Orain 80 urte sortua, era honetako museorik onenetakoa da, bilduman dituan artelan berreginen kalidade eta zabaltasunari erreparauta. Eskultura arloko garai guztietako artelan handien kopia zehatzak batzen ditu, besteak beste, Samotraziako Garaipena, Milosko Venus edota Migel Angelen Moises. Ia hamar urtez zarratuta egon ondoren, gaur egun aparteko eraikin batean kokatu izanaren balio erantsiaz aurkezten da publikoaren aurrean, estilo gotiko barrian diseinautako XIX. mende amaierako eleiza zahar batean, hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu