Euskal enpresetan, IKTen presentzia gero eta nabarmenagoa da

Bizkaie! 2008-11-28 15:59

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresen % 66,4k interneteko sarbidea dauka eta, horreen artetik, konpainien % 42,6k web-orrialdea be badauka, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak jakinarazotako datuen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresen % 66,4k interneteko sarbidea dauka eta, horreen artetik, konpainien % 42,6k web-orrialdea be badauka, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak jakinarazotako datuen arabera.

Euskal enpresetako Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKT) haziz doaz 2008ko hasieran, Eustaten arabera. Edozelan be, egun, enpresa txikiek lortu ditue hazkunde nabarmenenak ehunekoetan.

Enpresa txikienetan (0-9 lankide), IKT teknologia hornikuntzak % 5eko igoerea izan du batazbeste azken urtean; bitartean, % 1 igon da gitxi gorabehera hamar lankide edo gehiagoko enpresetan. Ondorioz, IKT hornikuntzeari jagokonez, enpresa handien eta txikien artean dagoan aldea gero eta txikiagoa da.

Honako honeek dira enpresa txikienek dituen IKT ekipamentuak: % 27,3k web-orrialdea dauka, % 78,3k eskuko telefonoa, % 73k ordenagailua darabil, % 64,2k Interneteko sarbidea dauka eta % 61,0k posta elektronikoa dauka.

Establezimendu guztiak aintzat hartuta, %74,8k ordenagailua darabil, azken urtean 4,1 puntuko hazkundea izan ondoren; %66,4k Interneteko sarbidea du, 4,8 puntu egin baititu gora; egun, enpresa guztiak kontuan hartuta, %63,4k helbide elektronikoa dauka, 5,9 puntu igo ostean. Bestalde, establezimenduen %79,2k sakeleko telefonoa dauka, 3,4 puntu hazi ondoren, eta oraindik ere gehien ezartzen den ekipamendua da.

Hamar behargin edo gehiagoko enpresetan be hobekuntzak dagoz IKT ekipamentuetan: % 68,5ek webgunea dauka, % 98,2k ordenagailua darabil, % 91,5ek eskuko telefonoa dauka, % 94,4k interneteko sarbidea dauka eta % 95,7k helbide elektronikoa.

Bizkaiak dauka teknologia horreek erabilten dituen beharginen ehunekorik handiena; ondoren Gipuzkoa eta Araba doaz, hurrenez hurren.


ADSL nagusi

Interneteko sarbide nagusia ADSL lerroen bidezkoa da. Honezkero, sarbide mueta horrek sarbide guztien % 85,9 ordezkatzen dabe.

Bestelako bideen ehunekoak askoz be txikiagoak dira. % 19,8k modema erabilten dau, % 13,8k kable bidezko konexinoa, %11,4k konexino mobikorra, % 6,2k RDSI lerroak eta % 1,5ek beste konexino finko batzuk erabilten ditu.


Webgunea

Enpresa guztiak kontuan hartuta, enpresen % 30,3 sarean agertu da azken urte honetan, 4,1 puntuko igoera izan ondoren. Hamar langile edo gehiagoko enpresen artean % 68,5 agertu da interneten, 1,6 puntu hazi ondoren. Interneteko sarbidea daben enpresak baino ez badira aintzat hartzen, ehunekoak gehitu egiten dira.

Webgune horreetan enpresearen ganeko informazino orokorra lor daiteke: eskaintzen dituan produktuak eta zerbitzuak, informazino pribatutasunaren deklarazinoa, saldu osteko zerbitzuak, lan eskaintzak...


Merkataritza elektronikoa

Merkataritza elektronikoa haziz doa EAEn. Euskal establezimentuen % 15,3k merkataritza elektronikoa erabili eban 2007an, aurreko urtearen aldean 2,5 puntuko igoerea izan ostean. Zifra horretara heltzen da, batez be, % 14,1ek bide elektronikoetatik erosketak egiten dituelako, 2,7 puntuko hazkundea izanda. Neurri txikiagoan bada be, erosketak egiteko bide hori erabiltea erabagi dabenek be goranzko eragina izan dabe zifretan.

Zifra horreek altuagoak dira hamar behargin edo gehiagoko enpresetan, izan be, % 24k sarearen bitartez edo beste sistema elektroniko batzuen bidez (EDI, datu elektronikoen trukaketa) erosketak edo salmentak egin ditue, 3,6 puntu hazi ondoren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu