Bilboko Artelan Berreginen Museoa berredegitearen II. urteurrena ospatzen dago ate edegietako jardunaldiagaz

Bizkaie! 2008-11-21 13:46

Azken hamabi hileotan, Bilboko Artelan Berreginen Museoak 8.000 bisitari baino gehiago erakarri ditu, eta ekintza desbardinen eszenatokia izan da, baita auzoko bizitza sozio-kulturalaren dinamizatzailea be.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak ate edegietako jardunaldia dauka gaur, hilak 21, Bilbo Zaharra auzoko Mariaren Bihotza eleiza zaharreko egoitza barrian berredegi ondorengo bigarren urteurrena ospatzeko. Azken hamabi hileotan, Museoak 8.000 bisitari baino gehiago erakarri ditu, eta ekintza desbardinen eszenatokia izan da, baita auzoko bizitza sozio-kulturalaren dinamizatzailea be.

Inaugurazinoaren urtean eta 2007ko zemendiko berredegieran antolatutako jardueretan izandako arrakastearen ondoren, bigarren urte honetan, Museoak 8.197 bisitariko kopurua sendotzea lortu dau. Kopuru honen banaketan, berariaz azpimarratu behar da taldeei harrera eginaz lortutako arrakastea: 2007ko zemenditik, publiko orokorraz nahiz ikaslez osotutako 171 talde etorri dira Museora, 2.703 bisitari, danetara. Bestalde, enpresa ugarik Museoaren arkitektura neogotikoa aukeratu dabe era guztietako jazoera korporatiboak ospatzeko (moda-desfileak, sari-banaketak, enpresa-aurkezpenak, berbaldiak, tailerrak...).

Aurten, Museoaren bilduma iraunkorraz gan, bisitak sustatzerakoan aparteko garrantzia hartu daben era guztietako jarduerak antolatu dira, besteak beste, berbaldiak, bisita gidatuak, umeentzako eta familia osoarentzako tailerrak, Museoko antzezlanei buruzko berbaldiak, etab. Ekimen horreen artean, ‘Olinpia: buru eta bihotz’, aldi baterako lehen erakusketea nabarmendu behar da. Arrakasta handia lortu dau dagoeneko, eta urtarrilaren 11ra arte zabalik jarraituko dau, antxinako Olinpiar Jokoetan inspirautako eskulturak ikusteko aukerea eskaintzeko asmoz. Era berean, Elias Mas Serra arkitektoak Museoaren egoitzeari buruz idatzitako liburua argitaratu da.

Horregaz batera nabarmendu behar da, maiatzaren 18an, Museoen Nazinoarteko Egunean, ate edegiak jardunaldia egin zala, baita musikea eta antzerkia buztartu zituan ekitaldi-sorta zabala be; eta Aste Nagusian jaiagaz bat egin ebala familia osoarentzako tailerrak antolatuz. Gainera, Museoak Bilbo Zaharreko kulturgintzea bizibarritzeko egiten dauen ahaleginaren erakusgarri, Mariaren Bihotza eleiza zaharra 'Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia' programako egoitza izan da barriro be.

Gaur egun, Museoan, aitatutako ‘Olinpia: buru eta bihotz’ eta belen tradizionalen erakusketea ikus daitekez, bata zein bestea urtarrilaren 11ra arte. Lehenengoak bost atal tematikoetan banatutako ibilbidea dauka, eta horreen bidez, kirol lehiaketa panheleniarren sorrerea azaltzen da, eta zehatzago esanda, Olinpiako antxinako jokoen sorrerea, geroko garapena eta kirol desbardinetan lehiatzeko egozan betebeharrak eta eraikinak. Bisitariek Fidiasen ‘Panatenearren Prozesinoa’ izeneko paneletako baten kopia zehatza ikus leikie, ‘Selene edo ilargiaren zalgurdiko zaldi-burua’ izenekoa, bai eta Polikletoren ‘Diadumenos’, Lisiporen ‘Apoxiomenos’ edota Mironen ‘Diskoboloa’, besteak beste.

Bestalde, Bizkaiko Belenzaleen Alkartea sortu ondorengo berrogeita hamargarren urteurrenagaz bat eginez eta Bilbon Estaduko Belenzaleen XLVI. Biltzarra antolatu dala gogoan hartuta, Museoak urtarrilera arte luzatu dau 150 figuraz eta konposaketaz osotutako erakusketea, jaiotza-estilo desbardinen historia laburbiltzen dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu