Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina eta Bilboko gotzain laguntzaile emeritua hil da

Bizkaie! 2008-11-06 13:34

Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina hil da, 2008ko zemendiaren 6an, Bilbon, 76 urte zituala, arin agertu jakon eta arin eroan dauen gaixotasun batek jota. Haren aldeko hileta eleizkizuna zemendiaren 7an, barikua, izango da, Bilboko Begoñako Basilikan, arratsaldeko 17:00etan. Bestalde, domekan, zemendiak 9, Iurreta bere sorterrian egingo da irteera- mezea, eguerdiko 12:00etan.

Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina hil da, 2008ko zemendiaren 6an, Bilbon, 76 urte zituala. Haren aldeko hileta eleizkizuna zemendiaren 7an, barikua, izango da, Bilboko Begoñako Basilikan, arratsaldeko 17:00etan. Bestalde, domekan, zemendiak 9, Iurreta bere sorterrian egingo da irteera- mezea, eguerdiko 12:00etan.

Karmelo Etxenagusia Uribe Iurretan jaio zan, 1932ko apirilaren 24an. Gordexola, Arteako eta Gasteizko seminarioetan egin zituan abade ikasketak. 1955ean abadetu zan eta jarraian Seminarioko irakasle izentau eben. Geroago Comillaseko Seminarioan ikasi eban Eleiz Zuzenbidea. Gero, Erroman Teologia eta Eleiz Zuzenbidea ikasten jarraitu eban.

Etxenagusiak gazte-gaztetatik hartu eban hizkuntzarako zaletasuna. Ikasketak gaztelaniaz egin behar izan zituanez, bere kontura hasi zan euskerea lantzen eta, Teologia ikasten ari zala, beste ikasle batzuekaz batu eta euskerea ikasteari ekin eutsen. Berak kontau bezela, lagunek itxitako liburuak hasi zan irakurten, bizkaieraz hasieran, eta gero Lizardiren Biotz-Begietan eta Orixeren Euskaldunak lako liburuak. Orixeren Urte guztiko bezperak izan ei zan urte hareetako bere lagunik onena euskerea ikasteko, latinez eta euskeraz idatzita egoalako. Derion irakasle hasi zanean, baegoen katedra bat euskerea ikasteko eta Etxenagusiak berehala ekin eutson euskerea irakasteari.

Bere ikasle izandakoen artean euskal letretan oso ezagun bihurtu diran izenak dagoz: Mikel Zarate, Xabier Amuriza, Gotzon Garitaonaindia, Jesus Mari Agirre, Joseba Agirreazkuenaga eta Adolfo Arejita, besteak beste.

1967. urtearen inguruan, Batxilergo ikasketa planetan euskerea sartu eben, eta Derioko Seminarioan euskerea era sistematiko batez hasi ziran irakasten. Plan horren buru Etxenagusia bera izan zan.

Derioko Udako Euskal Ikastaroaren sortzailea Ander Manterola izan zan eta Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate, barriz, lehenengo irakasleak. Karmelo Etxenagusiak, ganera, 20 urtez ibili zan eten barik irakasle jardunean udako ikastarootan: 1970tik 1989ra, hain zuzen.

Ikastaro horreetako irakaskuntzearen fruituak dira 'Euskal Idazleak bizkaieraz. Antologia. Testu azterketak. Ariketak', Jon Kortazar eta Aitor Etxeberriaren laguntzaz egina, eta Iparraldeko Euskal Idazleak. Antologia.

Derioko Udako Ikastarotik sortu zan Labayru Ikastegiaren bultzatzaile handienetarikoa be izan zan.

Bilboko eleizbarrutiko idazkaria izan zan, bai eta bikario nagusi be, eta euskerearen aldeko bere borondatea be argi itxi eban. Izan be, lan handia egin eban Liturgia Batzordean, Manuel Lekuona, Juan Mari Lekuona, Lino Akesolo, Joxemari Aranalde eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko beste eleizgizon batzuekaz batera.

Begoñako 'El Refugio' komentuko mojen kapilaua be izan da hainbat urtetan. 1995eko irailaren 8an, 63 urte zituala, Bilboko gotzain laguntzaile izentau eben, eta zeregin horretan ibili da ordutik 2008. urtera arte, aurtengo apirilean jubilau arte.

Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izentau eban euskaltzain urgazle eta 1998ko apirilaren 24an, barriz, euskaltzain ohorezko.


Sariak:

-Labayru Ikastegiak omenaldia eskaini eutson 1989an, Derioko XX. Euskal Ikastaroaren barruan.
-2003ko bagilean, Bilboko Liburu Azokeak Urrezko Idazluma izeneko saria emon eutson.


Argitaratutako lan nagusiak:

- Beste lorategi bi: Bizkaiera. 1965
- Beste lorategi bi. Gipuzkera. 1967
- Euskal Idazleen lorategia. 1969
- Euskal idazleak bizkaieraz. 1980
- Iparraldeko euskal idazleak. 1981
- Euskera nire bizitzan. 2003

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu