Bilboko Udalak Unesco Bilbao Saria babestu dau giza eskubideen inguruko kulturea sustatzeko
2008-11-04 10:45Nazinoarteko sariaren bidez, giza eskubideen inguruko kulturea sustatu nahi da eta eremu horretan ereduzko ekarpena egin daben instituzino edo banakoak (hezitzaileak, ikerlariak eta ekintzaileak) sarituko dira.
Bilboko Udalak giza eskubideen aldeko konpromisoa erakutsi dau Unesco/Bilbao Saria babestuz eta saria antolatzen parte hartuz. Nazinoarteko sariaren bidez, giza eskubideen inguruko kulturea sustatu nahi da eta eremu horretan ereduzko ekarpena egin daben instituzino edo banakoak (hezitzaileak, ikerlariak eta ekintzaileak) sarituko dira.
Udal bilbotarrak, sariaren gastuak pageteaz gan, saria kudeatzen esku hartuko dau. Aurten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalaren 60. urteurrena dala-eta, Unescoren egoitzan ospatuko da, Parisen, eta datozen bi edizinoetan, seguruenik, Bilbon egingo da.
Giza Eskubideen aldeko Unesco saria 1978. urtean sortu zan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalaren 30. urteurrenean, arlo horretako jarduerak saritu ez eze, ekimen barriak be bultzatzeko. Giza eskubideen esparruan oso ondo ezagutzen dan saria NBEk emoten dituan bi sarietako bat da eta, ohorezko diplomaz gan, ordainsari ekonomikoa eta garaikurra dituan bakarra da.
Saria bi urterik behin emoten da, eta Unescoren zuzendari nagusia arduratzen da persona saritua izenteteaz eta ohorezko aitamenak egiteaz, giza eskubideen arloan munduko inguru desbardinetan ospe handia daben bost kidek osotutako nazinoarteko epaimahaiaren gomendioen arabera.
Kontuak kontu, ondokoak izango dira sarituak aukeratzeko ardurea izango dabenak: Sergio Pinheiro irakaslea (Brasil), Giza Eskubideen Nazino Batuetako kontalari berezia Birmanian eta Burundin 2000 eta 2007 bitartean; Leila Zerrougui (Aljeria), idazkari nagusiaren ordezkari albokoa eta NBEk Kongoko Errepublika Demokratikoan dauen misinoko zuzendari albokoa; Janusz Simonides (Polonia) UNESCOko Gizarte eta Giza Zientzien Sektoreko Giza Eskubideen, Bakearen, Demokraziaren eta Tolerantziaren Dibisinoko zuzendari ohia; Kinhide Mushakoji (Japonia) Asiako eta Ozeano Barearen inguruko Giza Eskubideei buruzko Informazino Zentroko presidentea, eta Nasila S. Rembe irakaslea (Hegoafrika), Fort Hare Unibersidadean Giza Eskubideen ‘Oliver Tampo’ UNESCOko katedraren titularra. Sarituen izenak abenduaren 10ean ezagutuko dira, Giza Eskubideen egunean.
Sariari zein aurreko edizinoei buruzko informazino gehiago gura izan ezkero:
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!