Zallako XXXII. Musika Astea zemendiaren 8an hasiko da eta bost kontzertu eskainiko ditu bi astegoienetan

Bizkaie! 2008-11-03 17:39   Musikea

Zallako (Bizkaia) Aste Musikalaren 32. edizinoa zemendiaren 8an hasiko da, eta herriko zine-antzokian izango dira aurtengo bost kontzertuak, 20:00etan eta bi astegoienetan.

Zallako (Bizkaia) Aste Musikalaren 32. edizinoa zemendiaren 8an hasiko da, eta herriko zine-antzokian izango dira aurtengo bost kontzertuak, 20:00etan eta bi astegoienetan, antolakuntzako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.

Lehenengo astegoienean ohiko musikea izango da elementu nagusia. Lehenengo hitzordurako, zemendiaren 8rako, beraz, musika klasikoa eta herrikoia izango da Zallako Laino Eresi Abesbatza eta Azkoaga Bandeagaz, Julio Lanuza musikari eta orkestra-zuzendariaren gidaritzapean eta domekan ikuskizun handia antolatu da 'La Tabernera del Puerto' zarzuela ezagunagaz (sarrerea 10 euro). Zarzuela ezagunaren interpretazinoan, Euskal Herria mailan ezagunak diran bakarlariek hartuko dabe parte (Ana Begoña Hernandez sopranoa,Andeka Gorrotxategi tenorea, Izaskun Kintana sopranoa eta Carlos Imaz baritonoa) , Bizkaiko Orkestra Sinfonikoaren kide batzuk osotutako orkestra baten laguntzinoagaz, Maite Aurrekoetxeak zuzenduta. Danetara, 80tik gora artista izango dira taula gainean.

Bigarren astegoienerako, aniztazuna izango da nagusi. Zemendiaren 14an, eta doban, El Menton de Fogarty talde bizkaitarrak 'Dias Rojos' diskoko abestiak aurkeztuko ditu kontzertu akustiko batean. Zemendiaren 15ean, barriz, New Orleansetik (AEB) etorrita hiru antzokitan besterik ez abesteko, Marlena Smalls & The Hallellujah Singers abesbatzak 'gullah' eta gospel amerikar onena aurkeztuko dabe, doban izango dan emonaldian.

Amaitzeko, Zallako Azkoaga Bandea eta bere zuzendari Julio Lanuza Oskorri taldeagaz batera agertuko dira Zallako zine-antzokian. Kontzertu honetarako sarrerak 6 euroan dagoz salgai. Pagau beharreko ganerako emonaldietarako sarrerak BBK zerbitzuan eta Zallako antzokiko lehiatilan eros daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu