Xabier Erkiziak eta Iñigo Telletxeak sorturiko 'Belarriz' soinu proiektua aurkeztu dabe Donostiako Tabakaleran

Bizkaie! 2008-10-31 10:07

Egitasmo honek Tabakalerako eraikinak bere hormen artean gordetzen dauen memoria hori erakustea dau helburu, bidenabar gure memoria osotzen daben soinuen inguruan pentsarazoteko aukerea emoteko. Oinarrian, soinu bidez eraikinaren eta bere ingurunearen erretratu bat osotzeko saiakerea da.

Xabier Erkizia eta Iñigo Telletxea soinu artistek sorturiko 'Belarriz' proiektua aurkeztu dabe Donostiako Tabakalera zentroan, 'Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna' erakusketearen barruan. Erkiziak eta Telletxeak urte oso batean zehar egindako soinu batze lanaren emoitzea da.

Eraikinaren berezko soinuak eta Tabakaleratik entzuten diran uriko soinu esanguratsuak grabau ditue, besteak beste, tanborradea, trena, kaioak, su artifizialak eta abar. Danakaz, 'Tabakalerako soinu mapea' osotu dabe.

Proiektua jentaurrean aurkezteko, Xavier Balderas eta Enrike Hurtado sortzaileen laguntzinoagaz, bisitaria soinu artean galtzera konbidatzen dauen sistema interaktibo bat diseinau eta eregi dabe.

Egitasmo honek Tabakalerako eraikinak bere hormen artean gordetzen dauen memoria hori erakustea dau helburu, bidenabar gure memoria osotzen daben soinuen inguruan pentsarazoteko aukerea emoteko. Oinarrian, soinu bidez eraikinaren eta bere ingurunearen erretratu bat osotzeko saiakerea da.

'Danok ulertzen dogu gure memoria kolektiboa, eta kulturea memoria hori gordeteko eta komuniketako mekanismo modura, aho bidez transmitidu izan dala historian zehar, ahoz aho, hain zuzen. Baina ezin dogu ahaztu ahozko transmisino horretan entzumenak jokatzen dauen zeregin garrantzitsu eta ezinbestekoa. Entzun barik ezin baita komunikatu. Beraz, memoria kolektiboa deitzen deutsagun espazio anbiguo horretan bada ahotsez, zarataz eta bestelako soinuz osotutako atal bat eta horrek nahiz eta soinu bidez kodifikauta egon, informazino baliotsua batzen dau' azaldu dabe.

Proiektuak bi zati desberdin ditu eta bakotxak 'Egiatik. Tabakalerako memoria eta etorkizuna' erakusketan areto bat hartzen dau. Lehenengoan, gailu interaktibo batek, ukimen-pantaila baten bidez, eraikinean zeharreko ibilbidea egiteko aukerea eskainiko deutso bisitariari, bidean Tabakalerako soinuak eta eraikinetik entzuten diran uriko soinu desberdinak deskubriduz.

Bigarren aretoan, barriz, sorkuntza prozesu osoan batutako soinuen interpretazino personal eta poetikoago bat egin dabe. Soinu desbardinak tartekatuz, ordubete pasatxoko iraupena dauen soinu pieza sortu dabe, Tabakaleraren soinu erretratua izan nahi dauen proposamena. Bisitariak besaulkietan jesarrita Tabakaleraren ahotsa entzun ahal izango dau.

Kontuak kontu, abenduaren 20an erakusketea zarratzen dan arte, proiektu hau 'Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna' erakusketearen zati bilakatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu