Liburutegien Nazinoarteko Eguna kultur aniztasunaren alde

Bizkaie! 2008-10-24 12:12

Kultur-aniztasuna da gaur, urriak 24, ospatzen ari dan Liburutegien Nazioarteko Egunaren ardatz nagusia, eta ospakizun berezi hau atxaki ezin hobea da EAEko 18 liburutegitan garatzen ari dan proiektu pilotoari hasierea emoteko.

Kultur-aniztasuna da gaur, urriak 24, ospatzen ari dan Liburutegien Nazioarteko Egunaren ardatz nagusia, eta ospakizun berezi hau atxaki ezin hobea da EAEko 18 liburutegitan garatzen ari dan proiektu pilotoari hasierea emoteko. Gaur hasi eta urte amaiera arte, hainbat ekimen egingo dira liburutegi horreetan helburu jakin bategaz, hau da, kultur-aniztasunaren aldeko zenbait balio (bardintasuna, tolerantzia eta aniztasuna) garatu eta etorkinen integrazinoa sustatzea.

Ekimen hori, 'Liburutegiak Topaleku' Kultura Sailak bultzatutako kanpainearen barruan kokatzen da, eta honako 18 udalerritan egingo da: Bilbo, Gasteiz, Agurain, Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Bergara, Durango, Eibar, Elgoibar, Erandio, Ermua, Errenteria, Getxo, Irun, Leioa, Markina eta Zarautzen.

Proiektu pilotu horren esparruan, urtea amaitu arte hainbat jarduera garatuko dira ume eta gazteentzat. Helduentzat, tailerrak eta ipuin-kontalarien saioak antolatuko dira, herritarren artean kultura-aniztasunaren ideia garatzeko.

Gainera, 12-16 urteko gazteentzat ipuin-lehiaketa bat be antolatuko da idazle batek dinamizauko dauena.

Era berean, beste hainbat material (kartelak, orri-markagailuak, eranskailuak, zerbitzu-gida, irakurketa-gida eta abar) banatuko dira Irakurketa Publikoko Sarera batutako liburutegi guztietan. Jardunaldi tekniko bat be antolatuko da Sare osoarentzat, datorren urtearen hasieran.

Beste alde batetik, irakurketa-gida bat eskainiko da, 'Haiena, gurea: tolerantziarako irakurketak' izenburupean. Danetara, 50 lan aukeratu dira, hain zuzen be bardintasunari, tolerantziari eta aniztasunari buruzko narrazino eta ipuinak, liburutegietako erabiltzaileei, bertakoei eta etorkinei eskaintzeko.

Umeentzako tailerra Getxoko liburutegien eskutik

Gaur, urriak 24, barikua, Liburutegien Nazinoarteko Eguna ospatzen da eta hori dala eta, umeentzako tailer bat egongo da Algortako Kultur Etxeko liburutegian, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era. Ekimen hori 'Liburutegiak, topaleku' kanpainan kokatuta dago eta liburutegi publikoen erabilerea eta irakurketea bultzatzea ditu helburu. Horrezaz gan, kulturen aniztasuna sustatu nahi da.

Azken hori izango da, hain zuzen be, tailerraren protagonista. Bertan, partaideek kanpaina horretako liburu-markak jasoko ditue, euren izenak hainbat hizkuntzatan idatzi daiezan, horreetako batzuk mendebaldeko alfabetoa erabilten ez dituenak. Era horretara, besteak beste, karaktere arabiarrak, txinatarrak eta zirilikoak erabili ahal izango ditue umeek euren izenak idazteko. Horretarako, monitoreen eta zenbait hizkuntzako alfabetoen ereduen laguntza izango dabe.

Aitatutakoaz gan, monitoreek beste material didaktiko batzuk be izango ditue tailerrean parte hartzeko zain egongo diran umeak entreteniduteko. Azkenik, kulturen aniztasunaren inguruko ume ipuinen erakusketea be egongo da liburutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu