AEB, Alemania eta Frantziako taldeak protagonista urriaren 28tik 30era Getxoko XXVIII. Aste Koralean
2008-10-23 18:47 MusikeaAste Koralaren ardatz nagusia errepertorioen aniztasuna da; entzuleek konposizino klasikoez, garaikideez, herritarrez, eleiz musikaz eta beste zenbait estiloz gozetako aukerea izango dabe. Musikearen aniztasunaz gan, konbidautako taldeen kalidadea nabarmentzekoa da.
Getxoko (Bizkaia) XXVIII. Aste Korala urriaren 28tik 30era bitartean egingo da eta hiru herrialdetako taldeak jardungo dira zikloan, AEBetako, Alemaniako eta Frantziako taldeak, hain zuzen be. Aste Korala Algortako El Redentor eleizan egingo da lehenengo aldiz eta saio guztiak 19:30ean hasiko dira. Sarrerea, urtero legez, dobakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeko arduradunek jakinarazo dabenez.
Aste Koralaren ardatz nagusia errepertorioen aniztasuna da; entzuleek konposizino klasikoez, garaikideez, herritarrez, eleiz musikaz eta beste zenbait estiloz gozetako aukerea izango dabe. Musikearen aniztasunaz gan, konbidautako taldeen kalidadea nabarmentzekoa da, eta nazinoartean izandako arrakastek bermatzen dabe hori.
Lehenengo egunean, urriaren 28an, New Yorkeko The Antioch Chamber Ensemble taldeak joko dau Getxon. 1997an sortu zan ganbera talde mistoa eta, ordutik hona, uri amerikarraren abesbatza ospetsuenetariko bat bilakatu da. Taldeak sarritan parte hartzen dau nazinoarteko jaialdietan eta horreetan bere kalidadea erakutsi dau, bai eleiz musikea bai musika profanoa interpretetan. 2001. urtetik aurrera Wall Streeteko Trinity eleizako abesbatza da eta bere saioez gan, kideak irakaskuntzan be jarduten dira.
Biharamunean, urriaren 29an, Ensemble Vocal Hamburg talde alemanaren txandea izango da. Abesbatzaren errepertorio zabalak hainbat garai eta estilotako musikea hartzen ditu, baita gaur egungo musikea eta jazz-konposizinoak be. Edozein kasutan be, XX. eta XXI. musikea da taldearen espezialidadea. 1994an sortu zanetik, abesbatzak hainbat sari jaso ditu Alemaniako eta Nazinoarteko lehiaketetan eta, egun, 35 ahots mistok osotuta dago.
Azkenik, hirugarren saioan, Mikrokosmos Vierzon abesbatza frantziarraren musikaz gozetako aukerea izango da, urriaren 30ean. Taldeak gaur egungo a capella musikea dau espezialidade nagusi eta musika mota hori interpretetan eta sortzen dogu Frantziako abesbatza bakarra. Bere herriko talde ospetsuenetariko bat da Mikrokosmos Vierzon eta grabautako diskoek bermatzen dabe bere kalidadea. Horren artean 'Villarosa' lana nabarmendu behar da, izan be, horri esker Le Diapason D'Or sari ospetsua irabazi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!