Musika barrokoa entzuteko aukera parebakoa
2008-10-23 11:37 MusikeaEtxera etorri da bueltan Malgorzata Ziemkiewicz Artabe viola jotzailea. Ez da gelditzera etorri, baina egunokaz, gaur hasi eta domekara arte, hainbat kontzertu emongo ditu bere-berea dauen Arratian eta Gernikan.
Etxera etorri da bueltan Malgorzata Ziemkiewicz Artabe viola jotzailea. Ez da gelditzera etorri, baina egunokaz, hainbat kontzertu emongo ditu bere-berea dauen Arratian eta Gernikan. Goi-mailako musika ikasketak egitera Poloniara joan zan zeaniztarra eta, han, irakasle baten eskutik aintzinako musikarako interesa iziotu jakon. Harrezkero, mundu horretan sartuta dabil buru-belarri. Ingalaterrara joan zan antxinako musikako espezialidadea egitera.
Ikasketak amaituta, hainbat musikarigaz batera Saraband Consort taldea osotu eban, baina ez da hori bere musika proiektu bakarra. Halanda be, Saraband Consorteko lagunakaz dator etxera kontzertuak eskaintzera. Berak azaldu dauenez, antxinako musikea ez da musika klasikoa. Gauza desbardinak dira. Antxinako musika klasikoaren barruan kokatu leike, baina berez beste gauza bat da. Historiako zati jakin batean egiten dan musika muetea da.
Orain, Saraband Consorten musika barrokoa lantzen dihardu Ziemkiewiczek, eta horixe da Arratian eta Gernikan joko dauena. Bera da kontzertuen zuzendari artistikoa eta taldeko viola jotzailea. Erresuma Batuan bizi dira zortzikoteko kide guztiak, baina Ziemkiwicz zeaniztarraren antzean, munduko leku askotatik hara joandakoak dira: Australia, AEB, Islandia…
Zeanuriko musikariagaz batera, Alexandria Lawrencek joten dau biolea Saraband Consorten. George Crawford eta Camilla Scarlettek ostera, bibolina joten dabe. 'Taldearen gakoetako bat musikariok alkarren ondoan jartea da XVII. mendean Muffatt eta Biber musikagileek egiten eben antzera', Ziemkiwiczen arabera. Egitura berezi horrek aberastu egiten dau euren taldea, eta aproposa da musika barrokoa joteko. Johann Sebastian Bachen organozko preludioak eta fugak moldatu ditue taldekide bik, eta egitureak lagundu deutsie horreek antolatzen.
Igaz, York uriko York Early Music Festival-aren barruan, Early Music Network International Young Artists Competition lehiaketan finalista izan ziran. Gazteak badira be, esperientzia handia daukie musikearen munduan eta hainbat orkestra eta taldetan ibili dira.
Etorkizunera begira, taldearen kontzertuakaz jarraitzeaz gan, Ziemkiewicz-ek oraintsu sortu dau Soinusolo musika agentzia, 'arte ekintzak antolatzera bideratuta'. Bertarik, datorren urterako, antxinako musika jaialdi bat antolatu gura leuke, 'Arratia aldean'. Ekimen horri esker, 'jenteak urtero-urtero antxinako musikea entzuteko aukerea izango leuke'.
Egutegia
2008ko urriaren 23an, 20:00etan
Gernikako Lizeo Antzokian
Sarrera 10€, 6 €-gazteak- (12 urtera arte)
2008ko urriaren 24an, 20:00etan
Igorreko Lasarte Aretoan
Sarrerea doban
2008ko urriaren 25ean, 20:00etan
Arteako San Migel Ermitan
Sarrerea doban
2008ko urriaren 26an, 13:00etan
Zeanuriko Andra Mari Elizan
Sarrerea doban
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!