Gabriel Aresti orain 75 urte jaio zala gogoratuko dabe gaur Bilbon
2008-10-09 15:44Bilboko Poesiaren Astearen aurreko edizinoetan bezela, aurten be Gabriel Aresti poeta euskaldunaren omenezko eguna ospatuko da, sortzailearen jaiotzearen 75. urteurrenagaz bat eginez. Martitzenean, urriak 14, goizeko 11:30etan, Iñaki Azkuna alkateak oroimenezko plaka desestaliko dau poetearen jaiotetxean, Barroeta Aldamar kaleko 2an, aduana zaharraren parean, eta ekitaldiaren barruan Arestiren poema batzuk irakurriko dira.
Urriaren 13tik 20ra bitartean, Bilbok astebete eskainiko deutso poesiari. Literaturearen historian sano garrantzitsua izan dan genero honi eskainitako ekimen honek bederatzigarren edizinoa egingo dau aurten erotismoa aztergaitzat hartuta, Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak letrak sustatzeko darabilen politikearen barruan. Oraingo edizino honetarako, Poesia eta Erotismoa da aukeratutako gaia, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak, Edorta Jimenez poetak eta Begoña Moran Kultura Saileko programatzaileak gaur goizeko aurkezpen ekitaldian aurreratu dabenez.
Zortzi egunez, Euskal Herriko eta Estaduko ganerako autonomia erkidegoetako hogei bat poetak sentsualtasuna ardatz daben errezitaldietan, irakurraldietan eta solasaldietan parte hartuko dabe. Antonio Gala edo Pere Gimferrer (Sofia Erregina Poesia Sariaren irabazlea) lako idazle ezagunak azken belaunaldietako sortzaile gazteen ondoan azalduko dira, Juan Antonio González Iglesias (Loewe Sariaren azken irabazlea) tarteko dala. Ekitaldirik gehienak Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian egingo dira, eta poemak zuzeneko musikaz lagunduta irakurriko dira talde eta bakarlari desbardinen partaidetzaz.
Antonio Gala poeta eta idazleak bere poema erotikoez osotutako 'Gala de Amor' izenburuko antologia irakurriko dau eguenean, hilak 16, arratsaldeko zazpi t’erdietan, udal liburutegian. Bestalde, astea ixteko, Pere Gimferrer-ek 'Tornado' izenburuaz osotu dauen poema erotikoen bigarren bildumea aurkeztuko dau, José Fernández de la Sota poeta bilbotarrak lagunduta.
Ondokoak dira astean antolatuko diran nabarmentzeko moduko beste jarduera batzuk:
- 'Al natural' (Berezko eran), Yolanda Castaño (Santiago de Compostela, 1977), Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962), Olga Novo (Lugo, 1975) eta Pepa Parraren (Cádiz, 1965) poema irakurraldia, zapatuan, hilak 18, eguerdiko 12etan, Erriberako merkatuko ezohiko eszenatokian. Emakumezko idazle honeek errezitaldi bat eskainiko dabe arratsaldeko 19:00etan Areatzako kioskoko kafetegian, 'La Península Inabarcable' (Ezin besarkatuzko Penintsula) izenburupean.
- 'Los ónices de Onán' (Onanen onizeak) izenburuko irakurraldia, Leopoldo Sánchez Torre poeta asturiarrak aurkeztutakoa, José Fernández de la Sota (Bilbao, 1960), Fernando Beltrán (Oviedo, 1956) eta Zurgai euskal poesia aldizkariko zuzendari Pablo González de Langarika poeten partaidetzaz eta Presto taldearen musikaz. Bidebarrietan izango da, astelehenean, hilak 13, 19:30etan.
- 'Eros es más' (Eros areagoa da), Juan Ramon Madariagak aurkeztutako poesia errezitaldia, Juan Antonio González Iglesias (Salamanca, 1964) eta Kepa Muruaren (Zarautz, 1962) partaidetzaz.
- 'Tres voces del Erotismo' (Erostismoaren hiru ahots), Gioconda Belli, Ana Rossetti eta Pierre Loüys poetei buruzko solasaldia, Bizkaiko Artezaleen Elkarteko kide diran José Ramón López eta María José Plazaren partaidetzaz eta Haizea bikotearen musikaz. Barikuan, hilak 17, 19:30etan, Bidebarrietan.
- Munduko poema erotikoen irakurraldia, Four Friends-en musikaz lagunduta, Areatzan jarritako karpan, domekan, hilak 19, 13:00etan.
- Barikuan, hilak 17, 20:00etan, hip hop kontzertua egingo dau Bilborocken Bartzelonako Sólo los Solo bikoteak. Juan Solok (Mc) eta Griffik (DJ) osotutako talde hau 1997an eratu zan, eta ordutik zenbait LP plazaratu eta erregistro aniztasun handiaren jaube dala frogatu dau, flamenkoaren eraginetatik soinu esperimentalagoetaraino.
- Areatzan, poesia irakurteaz gan, estilo erotikoko koadro eta poemak batzen dituen bandera handiak jarriko ditue ikusgai.
Gabriel Arestiren eguna
Bilboko Poesiaren Astearen aurreko edizinoetan bezela, aurten be Gabriel Aresti poeta euskaldunaren omenezko eguna ospatuko da, sortzailearen jaiotzearen 75. urteurrenagaz bat eginez. Martitzenean, urriak 14, goizeko 11:30etan, Iñaki Azkuna alkateak oroimenezko plaka desestaliko dau poetearen jaiotetxean, Barroeta Aldamar kaleko 2an, aduana zaharraren parean, eta ekitaldiaren barruan Arestiren poema batzuk irakurriko dira.
Arratsaldean, 19:30etatik aurrera, 'Aresti gaztea'-ri buruzko poesia errezitaldia egingo da Bidebarrietako liburutegian, Uxue Alberdi bertsolari eta idazle gipuzkoarra, Igor Estankona idazle bizkaitarra, Hedoi Etxarte poeta eta musikari iruindarra eta Erika Lagoma bertsolari nafarraren partaidetzaz.
Gabriel Aresti
Gabriel Aresti (1933ko urriak 14 — 1975eko bagilak 5) Bilbon jaio eta bizi izan zan. Olerkariak euskal poesia erabarritu eta gaurkotu eban. Haren liburuek, Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968), eta Harrizko herri hau (1971) errealismo sozialaren bidetik eroan eben euskal poesia, irudi-mundu barria sortu arte. Poesiaren arloan ezagunagoa bada be, beste genero batzuk landu ebazan: antzerkia, batez be, ipuina eta nobelea falta ez badira be bere produkzinoan. Itzulpen asko itxi ebazan bere lanen artean, eta gurearen antzeko hizkuntza minorizatuetako idazleen itzulpenez ganera, poesia modernoaren maisuen lanak euskeraz emon ebazan: García Lorcarenak edo T. S. Eliotenak berbarako.
Literatura mundua aldatzeko gai zala uste izanda idatzi eban Gabriel Arestik, eta beraren lanek garrantzi handia hartu eben, poesiaren eta antzerkiaren bidez bere ideiak gizarteratu ebazan frankismoaren kontra eta frankismoak eregitako gizarte moldeen kontra.
Literaturearen mugetatik kanpo euskal kulturan be buru-belarri sartuta egoan: euskera batuaren bultzatzaile sutsua eta Lur argitaletxearen sortzailea, ateak zabaldu eutsezan idazle barriei; aldizkarietan idazten eban eta artisten laguna be bazan.
Gizartean eztabaidea zabaldu eban eta urte hareetan euskal gizartean eta kulturan egozan kontraesanen eredu bihurtu eban bere eretxia.
Haur lehiaketea
Bilboko Poesiaren Astearen barruan programautako ekitaldien osogarri, domekan, hilak 19, goizeko 11:00etatik aurrera, VI. Haur Poesia Lehiaketako sariak banatuko dira Areatzako karpan. Ekitaldia Hortzmuga antzerki taldeak aurkeztu eta alaituko dau, eta bertan, 8 eta 16 urte tarteko neska-mutilen poema sarituak irakurriko dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!