Bilboko Udal Musika Bandeak eta Txistulari Bandeak 2008-2009 denporaldiko kontzertu-programazinoa aurkeztu dabe
2008-10-02 15:55 MusikeaBarrikuntza legez, aurten musika talde biek eszenatoki berean jardungo dabe. Gogoan izan behar da Udal Bandeak ohiko auditoriotzat erabili izan dauen Arriaga Antzokia itxi eta Euskalduna Jauregira aldatu dala.
Bilboko Udal Musika Bandeak eta Txistulari Bandeak 2008-2009 denporaldiko kontzertu-programazinoa aurkeztu dabe gaur. Aurkezpena Kultura Zuzendari Iñaki Lopez de Agiletak zuzendu dau. Alboan, BilbaoMusikako Gerente Txomin Mujika eta bi bandetako Zuzendari Titularrak, Rafael Sanz-Espert (Udal Banda) eta Garikoitz Mendizabal (Txistulari Banda) izan ditu. Banda bien kasuan, kontzertuen bosgarren edizinoa izango da. Barrikuntza legez, aurten musika talde biek eszenatoki berean jardungo dabe. Gogoan izan behar da Udal Bandeak ohiko auditoriotzat erabili izan dauen Arriaga Antzokia itxi eta Euskalduna Jauregira aldatu dala.
Udal Txistulari Bandea
Udal Txistulari Bandeak Euskalduna Jauregian eskainiko dituan 2008-2009 denporaldiko dobako kontzertuen programazino osoa aurkeztu dau. Ekitaldi ofizialetan (zeremoniak, inaugurazinoak, omenaldiak...) edo herri jardueretan (dianak, kalejirak, erromeriak, jai-ekitaldiak) parte hartzeaz gan, Euskalduna aretorako berenberegi preparautako programazinoa egin dabe. Bandako kideek –Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Asier Garcia – erritmo eta doinu tradizionalen eta beste musika-estilo eta genero batzuen arteko barrikuntzearen eta fusioaren alde egin dabe. Horregaz batera, talde eta artista konbidauek, euskal musika tradizionaleko artista ezagunei egindako omenaldiek eta Bandaren grabazino barrien aurkezpenak kontzertu horreen oihartzuna zabaltzen lagundu dabe.
Taldearen 2008-2009 denporaldian, barrikuntzaz betetako 12 kontzertu eskainiko dira. Hitzortua eguaztenetatik astelehenetara aldatuko da eta lehenengo kontzertua datorren astelehenean, urriak 6, izango da. Ekitaldi horretan, Bandeak errepertorio tradizionalaren errepasoa egingo dau 20:00etan hasita. Hurrengo astean, garai barrokoko musikan espezializauta dagoan Ensemble Diatessaron taldea izango da protagonista, ‘Le Basque’ izenburuko azken diskoan batzen dan XVIII. mendeko musika instrumentalagaz.
Gasteizko Udal Folklore Akademiak doinu tradizionalei egindako moldaketa bitxi eta barritzaileak ekarriko ditu Bilbo aldera; Iruñeko Udal Txistulari Bandeak berbaldi-kontzertua eskainiko dau Mikel Aranburu ikertzaile eta musikariagaz batera. Aranburuk interprete nafarrek euskal musika tradizionalari egindako ekarpenaren ganean berba egingo dau; 10 eta 17 urte tarteko neska-mutilek osotzen daben Leioako Kantika Abesbatza Gabonetako kontzertuko protagonista izango da Basilio Astulezen zuzendaritzapean; MielOtxin talde nafarrak euskal musika tradizionalean oinarritzen dan folk eskaintzea egingo dau; eta ‘Et incarnatus’ hari-orkestreak, Iñaki Urkizuren batutapean, txistulariakaz batera jardungo dau Mozart eta Vivaldiren obrak lantzen. Azkenik, denporaldiari amaierea emoteko, Bandearen ohiko emonaldia eta Lliceu Antzokiko jantzari batzuek Josu Mentxakaren koreografia bati egindako moldaketea buztartzen dituan ikuskizun barritzailea eskainiko da martiaren 16an.
Bandeak Bilboko publikoaren aurrean aurkeztuko dau taldeko zuzendari Garikoitz Mendizabal zestoarrak (txistularitza arloan egungo erreferentzia nagusietakoa, zuzendari zein instrumentu-jotzaile legez) grabau dauen bakarkako azken diskoa.
Udal Musika Bandea
Udal Bandearen kasuan, egoitza aldaketa izango da denporaldi barriko barrikuntza nagusia. Domeka honetatik aurrera, urriak 5, Euskalduna Jauregia erabiliko dau asteroko kontzertuetarako egoitzatzat Arriaga Antzokiaren partez. Udal Bandea 52 musikarik osotzen dabe Zuzendari Titular (Rafael Sanz-Espert) eta Zuzendariorde Titularraren (Iñaki Urkizu) agindupean. Kontzetuez gozetako sarrerak euro bian dagoz salgai.
Datozan hilabeteotako programazinoan, V. BilbaoMusika Zuzendaritza Ikastaroaren amaiera-ekitaldiko kontzertua nabarmenduko da, baita Jose Suñer Oriola musikagile valentziarrari Tokio Kosei Wind Orchestra-ren I. Konposizino Lehiaketako Lehen ‘Frederick Fennel’ Sari Berezia irabazteko aukerea emon eutson ‘Chamber Symphony nº1’ obrearen estreinaldia be.
Bestalde, Russell Peck musikagileak Perkusio-Boskoterako eta Banda Sinfonikorako idatzi dauen ‘The Glory and the grandeur’ obrearen interpretazinoa; Bandeak Eugene Migliaro Corporon zuzendari eta musikagile ezagunaren zuzendaritzapean eskainiko dauen kontzertua; eta BilbaoMusikaren enkarguz Gregory Fritze musikagile iparramerikarrak Bilboko Udal Bandearentzat egindako ‘Lau urtaroak Euskal Herrian’ obrearen estreinaldia be izango dira denporaldi honetan.
Abendurako, Udal Bandeak emonaldi berezi bi programau ditu. Lehenengoa, hilaren 14an, etxeko txikienei zuzenduta egongo da. Gunther Schuler-en 'Journey into Jazz’ obreari esker, ume eta gaztetxuek jazz musikara hurreratzeko aukerea izango dabe. Hilaren 19an, Bandeak Gabonetako Kontzertua eskainiko dau Done Jakue Katedralean.
Amaitzeko, gogoan izan behar da Udal Bandak han-hemen eskainitako zuzeneko emonaldiak batzen dituan CD barri bat argitaratuko dauela.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!