Kultur jarduerak batuko dituan eraikin barria egingo dabe Getxon

Bizkaie! 2008-09-25 11:46

Kultura eta administrazino arloari zuzendutako eraikin barria Gobernu Taldeak Legegintzaldi Plangintzearen barruan dauen jarduera nagusienetako bat da. Gitxi gorabehera, 4.000 metro koadro izango ditu, lurrazpiko gunea gehi bost pisu.

Ekipamentu kultur eta administratiboari zuzendutako eraikin barria Gobernu Taldeak Legegintzaldi Plangintzearen barruan dauen jarduera nagusienetako bat da. Getxoko alkate Imanol Landak adierazo dauenez, 'egun Santa Eugeniako antxinako eskolak dagozan lekuan eregiko da auzo etxe barri hau, eraikin zaharra botako eta udalerriko Kultur Etxe nagusia izango da. Azpiegitura moderno eta potentea izango da, kulturari, arteari eta, batez be, Getxon dogun alkarte mobimentu garrantzitsuaren beharrei eskainita'.

Landaren esanetan, 'ilusino handia' sortzen dauen proiektua da, 'eta udalerriarentzat proposatzen dogun modernizazino prozesuaren pieza barri baten aurrean gagoz'. Gauzak holan dirala, 'Getxo barriaren aldaketearen oinarriak' imintzen dagozala azpimarratu dau.

Eraikin barriak, gitxi gorabehera, 4.000 metro koadro izango ditu, lurrazpiko gunea gehi bost pisu. Lur azpian, makinez gan, biltegia, kamerinoak eta ekitaldi areto bat egongo dira. Ekitaldi areto hori beheko pisukoagaz lotuta egongo da. Beheko pisuan, ekitaldi aretoaz gan, harrera-gelea egongo litzateke, baita erakusketa-gelea, Herritarrei Arretea egiteko Bulegoa eta administrarien bulegoak be. Lehenengo pisuan nagusientzako eta umeentzako liburutegiak jarriko ditue; bigarren pisuan ludotekea eta ekitaldi askotarako gelak; hirugarren pisuan ikasteko gelea, tailerrak eta kulturgunea (alkarteek erabilteko gunea); laugarrenean berbaldietarako eta tailerrak egiteko gelak eta atikoan musika taldeen, jantza taldeen eta abesbatzen entseguetarako. Eraikin osoan Wifi gunea izango da.

Eraikin barriaren lanak amaitutakoan, Nagusien Etxea eta Udal Euskaltegia eraikin barrira joango dira, zerbitzu horreek Lope de Vega kalean dituen egoitzak be zaharberritu ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu