The Chieftains, Ismael Lo eta Eliades Ochoa irailaren 4tik 7ra arte egingo dan Getxoko Folk Jaialdian
2008-08-28 10:34 MusikeaJaialdia irailaren 4an hasiko da Korrontzi trikitixa taldeagaz. Gainera, seikote bizkaitarrak zuzeneko disko bat grabauko dau kontzertu hau aprobetxauta. Lan horretarako, Jorge Arribas (La Musgaña), Faltriqueira, Susana Seivane, Jesus Cifuentes (Celtas Cortos) eta Mikel Urdangarin musikarien laguntzinoa izango dabe.
The Chieftains talde irlandarra, Ismael Lo musikari senegaldarra eta Eliades Ochoa kubatarra izango dira Getxoko Nazinoarteko XXIV. Folk Jaialdiaren izar nagusiak. Irailaren 4tik 7ra bitartean entzun ahal izango dira. Ekitaldiaren helburua herri desbardinen arteko batasuna eta beste kulturen ezagutza musikearen bidez sustatzea da.
Jaialdian 11 artistak eskainitako 13 dobako emonaldi ikusteko aukerea egongo da Areeta eta Erromo auzoetan. Han musika etniko eta folkeko hainbat artista batuko dira jaialdiko hiru egunetan. Horrezaz gan, bestelako jarduerak be egongo dira: Bidezko Merkatua, Munduaren Terraza, kaleko bandak...
Jaialdiaren aurkezpen ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusi Jon Iñaki Zarragak esan dauenez, 'jaialdiak herrien esentziarik eta tradizinorik onena erakusten dau' eta jenteari, barriz, eskaintzen dituan aukerez gozetako konbitea luzatu deutso, 'kulturea, musikea edo gastronomia, esaterako'.
Era berean, Getxoko Udaleko Kultura, Gazteria eta Euskara zinegotzi Koldo Iturbek esan dau jaialdi honen helburua dala 'ekimen eta balio solidarioak bultzatzea'. Esangura horretan, Bidezko Merkataritzako Merkatua Jaialdian izango da Euskadiko hainbat GKEekaz alkarlanean, 'Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bidezko merkataritzea bultzatzeko eta holan pobreziaren kontra burrukatzeko'.
Folk Jaialdia irailaren 4an hasiko da Korrontzi trikitixa taldeagaz. Gainera, seikote bizkaitarrak zuzeneko disko bat grabauko dau kontzertu hau aprobetxauta. Lan horretarako, Jorge Arribas (La Musgaña), Faltriqueira, Susana Seivane, Jesus Cifuentes (Celtas Cortos) eta Mikel Urdangarin musikarien laguntzinoa izango dabe.
Irailaren 5ean, Areetako Geltoki plazako agertoki nagusian, The Chieftains talde irlandarraren txandea izango da. Orain 40 urtetik hona Paddy Moloney buru dauen taldeak 25 disko atara ditu, 6 Grammy sari eskuratu eta milaka kontzertu emon.
Hirugarren gauean, irailaren 6an, Ismaël Lo musikari senegaldarrak joko dau. 'Bob Dylan afrikarra' esaten deutse eta, gure artean, Pedro Almodovarren 'Todo sobre mi madre' filmeko soinu bandan entzun genduan 'Tajabone' kantari esker da ezaguna.
Jaialdiko azken egunean, irailaren 7an, barriz, Eliades Ochoa, son musikari ospetsua izango da. Ochoa Buena Vista Social Clubeko partaidea izan zan eta musika mueta ugari joteko gai dala erakutsi dau bere ibilbide osoan.
Horrezaz aparte, arratsaldero hain ezagunak ez diran hainbat talde izango dira: Mariachi Immperial Azteca talde mexikarra, Banda de Gaites Llacin talde asturiarra edo Qui Hi Ha? katalana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!