Stray Cats rockabilly taldeak Barakaldoko Rockstar Live aretoan hasiko dau bere agurraren birea
2008-08-11 15:17 MusikeaTalde estatubatuar mitikoak zapatu honetan hasiko dau bere agurraren birea izango dana. Europako uri nagusienetatik pasau ostean (Helsinki, Stockholm, Amsterdam eta Londres, berbarako), birea Dublinen amaituko da irailaren 16an.
Stray Cats rockabilly talde estatubatuar mitikoak zapatu honetan hasiko dau bere agurraren birea izango dana Barakaldoko Rockstar Live aretoan. Europako uri nagusienetatik pasauko da birea, Helsinki, Stockholm, Amsterdam eta Londres berbarako, Dublinen amaitzeko irailaren 16an.
Barakaldoko kontzerturako azken sarrerak oraindino be salgai dagoz, 42 euroan, Tick Tack Ticket sareko ohiko guneetan, El Corte Inglés-en eta BBKn.
Brian Setzer abeslari eta gitarristeak sortu eban Stray Cats New Yorken 1979an. Gene Vincent-egaz, Eddie Cochran-egaz eta Carl Perkins-egaz batera, rock and rollaren historiako birtuosotzat joten dabe Setzer. Lee Rocker (Leon Drucker) kontrabaju-jotzaileak eta Slim Jim Phantom (James McDonnell) bateria-jotzaileak osotzen dabe taldea.
Hasieran, Ingalaterrara joan behar izan eben Brian Setzer eta taldekideek. Bertan, 'The Stray Cats' (1981) lehenengo diskoa atara eben. AEBetara bueltau ziran eta bigarren diskoa atara eben, 'Gonna Ball' (1981). Ondoren, 'Built for Speed' (1982) bildumea be kaleratu eben.
Hirugarren diskoa 'Rant N' Rave With The Stray Cats' (1983) izan zan. Lan horren ostean, taldea desegin eta barriro alkartu ibili da eta, tartean, hainbat disko kaleratu ditue: 'Rock Therapy' (1986), 'Blast Off' (1989), 'Let's Go Faster' (1990), 'Choo Choo Hot Fish' (1992) eta 'Original Cool' (1993).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!