Landa-ingurunean emakumeek daben garrantzia aintzat hartzeko argazki-lehiaketea antolatu dabe

Bizkaie! 2008-08-11 12:17

Bizkaiko Foru Aldundiak, Urkiolako eta Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkartek antolatutako lehiaketeak Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetako landa-ingurunean emakumeen bizimodu tradizionalak eta barriak islatu gura ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Urkiolako eta Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkarteen bidez, landa-ingurunean emakumeek daben garrantzia eta egiten daben lana aintzat hartzeko argazki lehiaketea antolatu dau. Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetako landa-ingurunean emakumeen bizimodu tradizionalak eta barriak islatu gura ditu lehiaketeak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak datozan hiru urteetarako jarritako erispideak landa-ingurunearen bizi-kalidadean eta ekonomiaren dibertsifikazinoan oinarritzen dira. Horregaz batera, landa-inguruneko emakumeei zuzendutako ekintza positiboko plana preparetako amesa dago. Landa-inguruneetan sare sozio-ekonomikoa sustatzeko, lana sortzeko eta familia eta lana bateragarri egiteko neurriak be hartu gura dira, foru erakundeko iturrien arabera.

Lehiaketan edozeinek parte har leike eta bakotxak, gehienez, bost argazki aurkezteko aukerea izango dau CDan edo PCrako DVDan. Irudi bakotxeko artxibo bi aurkeztu behar dira: bata erresoluzino txikikoa (gehienez 800x600 pixel) www.urkiola.org eta www.leartibai.org web-orrietan jarteko; eta bestea, erresoluzino handikoa, TIFF edo JPGE formatuan aurkeztu behar da ahalik eta kalidaderik onenean.

Argazki bakotxaren artxiboan izenburua agertu behar da eta, diskoaren azalean, goiburua. Diskoagaz batera, goiburu berbera daroan gutunazal bat aurkeztu behar da eta gutunazal barruan egilearen datuak. CD edo DVDak helbide honetara bialdu behar da urriaren 31 baino lehen: URKIOLA Landa Garapeneko Elkartea, Margarita Maturana kalea 7, 48240 Berriz.

Epaimahaia artista bik eta erakunde antolatzaileetako ordezkari bik osotuko dabe. Epaia zemendiaren 15a baino lehenago emongo da eta bost sariok banatuko dira: lehenengoa 900 eurokoa, bigarrena 600 eurokoa, hirugarrena 300 eurokoa eta azkenik, 250 euroko sari bana Durangaldeko eta Lea-Artibaiko egile biren lanik onenentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu